Guka gara

Izena izen, "geurea"

Erredakzioa 2023ko uzt. 13a, 10:44

2023ko ekaineko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Bertakoa eta plurala, eragileen eta herritarren bozgorailu, eta euskararen aterpe. Horrela defini daiteke euskarazko toki komunikabide bat. Horrela defini daiteke Maxixatzen. Herriko gertaera garrantzitsuen berri eman du sortu zenetik, eta hain garrantzitsutzat jo ohi ez ditugun beste mila eta bat istorio handi eta txiki ere kontatu ditu.

Gertaerak eta istorioak daude alde batean; bestaldean, bazkideak, irakurleak, erabiltzaileak, eragileak. Toki hedabide batek behar-beharrezkoak ditu horiek guztiak, eta herritarrek eta eragileek ere funtsezkoak dituzte Maxixatzen bezalako herri komunikabideak beren lana, iritziak zein salaketak plazaratzeko nahiz informatuta egoteko.

Eragileen sostengu, herritarren informazio iturri

Tokiko komunikabideen garrantzi hori argi dute, esaterako, Juan Ramon Alberdik eta Miren Alberdik. Maxixatzeneko iritzi emailea da Juan Ramon, Azkoitiko AEK-ko irakaslea da Miren, eta biak dira Maxixatzenen komunitatearen parte. Maxixatzen "espazio atsegin eta gertukoa" iruditzen zaio Juan Ramoni, "herritarrekin iritziak partekatzeko eta haien iritziak jasotzeko" aukera ematen dion heinean, "komunitate bateko partaide" sentiarazten duena. Tresna "baligarritzat" jo du Mirenek, batetik, beraien kontuen berri emateko; eta, bestetik, eskoletan material moduan ere erabiltzen dutelako. AEK-ko ikasleek Maxixatzeneko berriak "gustura eta erraz" irakurtzen dituztela esan du Mirenek; Juan Ramonek nabarmendu du, berriz, Maxixatzenik gabe azkoitiarrek ez luketela jakingo artean, musikan, literaturan, kirolean eta beste edozein diziplinatan trebea den zenbat pertsona dauden herrian. Herria "ardatz eta mami" izatean, beste edozein hedabidek baino informazio "zuzenagoa eta zehatzagoa" eskaintzen duela iritzi dio. "Gainera, hedabide askea den aldetik, ez du inolako inposiziorik jasaten eta ezartzen, ezen, herritar orori iritzia emateko bidea eskaintzen dionez, esan daiteke herriaren hedabidea dela".

"Espazio atsegin eta gertukoa da, komunitate bateko parte sentiarazten nauena"

 

Maxixatzenen berezitasuna zein den galdetuta, garbi du Mirenek: "Herritik, herrian eta herriarentzat sortutako hedabidea izatea. Horrez gain, berri bakoitzean herritarrek erantzuteko aukera izateak ere egiten du berezi. Herritarren foro izaera ematen dio aukera horrek, eta herritarron sarea osatzeko ezinbesteko tresna da". Euskara hutsezko hedabidea izateari ere balio handia eman dio irakasleak, batez ere belaunaldi gazteei begira: "Geure kontuak geure hizkuntzan kontatzen dizkigu, eta, horri esker, informazioa euskaraz jasotzea modu naturalean bizi dugu". Urteetako lanaren poderioz egin du toki hori Maxixatzenek azkoitiarren egunerokoan, urratsez urrats, talde lanean eta batzearen indarrean sinetsiz; horregatik, etorkizuna Guka proiektuaren aterkipean ikusten du Maxixatzenek, funtsari eusteko: bertakoa eta plurala izatea, eragileen eta herritarren bozgorailu, eta euskararen aterpe.

"Herritarron sarea osatzeko ezinbesteko tresna da Maxixatzen"

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide