'Hike', poltsikotik mingainera

Unax Larrañaga 2023ko eka. 19a, 16:00
Xabier Eizagirre eta Azkoitiko Udaleko ordezkariak, prentsaurrekoaren ostean. (Unax Larrañaga)

Azkoitiko Udaleko Euskara Sailak, Hike Eizan! egitasmoko kideak eta Xabier Eizagirrek hitanoaren erabilera zuzena bultzatzeko asmoz, Azkoittiko hike poltsikuen liburuxka aurkeztu dute. Ostegunean, III. Hike Eizan! bertso saioa eta II. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dituzte Elkargunean, 19:00etan.

Azken urteotako hikaren erabileraren beherakadari erantzunez, Azkoittiko hike poltsikuen liburuxka aurkeztu zuten joan den ostiralean Azkoitiko Udaleko Euskara Sailak eta Hike eizan! egitasmoaren lantaldeak. Xabier Eizagirrek ondu du liburuxkarako testua, hitanoaren erabilera zuzena bultzatzeko asmoz.

Marijose Arregi, jarduneko Euskara zinegotziak liburuxka argitaratzeko zergatiak azaldu zituen aurkezpen prentsaurrekoan: "Hikaren erabilera galtzen ari zela-eta, berreskuratzeko ahalegina egin nahi zelako, noka galbidean ikusten zelako, eta hitanoa ez delako behar adinako zuzentasunarekin erabiltzen beti. Helburu horiei erantzuten die liburuxkak".

Gidaren egitura osatzeko, Oñatiko hika poltsikora liburuxka erabili dute eredu moduan. Eizagirrek azalpenak, aditz taulak eta elkarrizketak jaso ditu, eta Azkoitiko FKren ilustrazioek osatu dute liburuxka. Azkoitiko euskalkian idatzi dute liburuxka, herriko aldaerak ahozko jardunean duen garrantzia azpimarratzeko: "Beti esan izan dugu euskara bat eta bakarra ez dela, hor daudela euskalkiak, azpieuskalkiak eta herri hizkerak, eta aukera ikusi genuen ahozko jardun baten kontuan ari bagara, eta herri jakin batean, azkoitiarrez egiteko aukera zela pentsatu genuen", zioen Eizagirrek.

Aditz taulak osatzeko, Hike eizan! egitasmoko lantaldeaz beste, Eizagirrek herritar talde baten laguntza jaso du. Zenbait herritarrek beraiek esaten dituzten modura bete zituzten aditz taulak, eta guztiak bateratuz sortu dituzte liburuxkan azaltzen direnak. Euskara batutik abiatuta, aldaera desberdinak jaso dituzte, zuka lehenengo, eta noka zein toka, gero. Kasu batzuetan, aditz bakoitzaren bizpahiru aldaera sartu behar izan dituzte, herritarrek desberdin erabiltzen baitituzte. "Bitasun bat agertuz gero, biak berdintsuak izanik, bi aldaerak sartu ditugu", esan zuen Eizagirrek. Silaba trukaketak ere kontuan hartu behar izan dituela azaldu zuen hark: "Batek, esan zonabet; besteak, esan zobenat; eta hirugarren bat etorri, eta hark esan zonabenat".

Liburuxka eskuragarri dago jada, baina Eizagirrek adierazi zuen moduan, "ez dadila izan poltsikoan edukitzeko bakarrik, mingainean ibiltzea komeni, ahal den gehienetan". Udaleko Euskara Sailean dago eskuragarri liburuxka interesa duen ororentzat. Udala herriko ikastetxetara banatzen ere hasiko da, ikasturtea amaitu aurretik. Dena den, udalaren webgunean ere eskuragarri dago PDF formatuan.

Azkoitiko Udalak 2021ean jarri zuen martxan Hike eizan! egitasmoa, "Hasieratik –esan du Arregik– argi genuen ez zuela ekintza puntual batera mugatu behar, baizik eta proiektu egonkorra izan behar zuela, etenik gabekoa. Ideiari heldu genionetik urratsak ematen joan gara. Hike eizan! taldea osatu genuen eta egitasmoari irudia edo logoa jarri. Geroago, Hike eizan! bertsopaper lehiaketa sortu genuen, eta lehenak izan ginen, oso oker ez banago, hika bertso saioa antolatzen". Saio horiez gain, Azkoitiko ikastetxeetan hitanoari buruzko ikastaroak ematen ibili da Eizagirre.

Bertsopaper lehiaketako sari banaketa

Ostegunean, ekainak 22, II. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute Elkargunean, 19:00etan. Helduetan, 18 urtetik gorakoetan, lehenengo saria Izaro Zinkunegi errezildarrak jasoko du, Hire larrei, zure zaharrei izenburupean aurkeztutako bertsoak tarteko. Bigarren saria, berriz, Jon Gurrutxaga azpeitiarrarentzat izan da Gure bizitza hunan bertso sortagatik. Helduen kategoriako Azkoitia saria Naia Arrizabalaga azkoitiarrak irabazi du Lurraren Estalkiak lana idatzita.

18 urtez azpikoetan lehenengo saria hutsik geratu da, eta bigarrena, Aratz Iturbe 11 urteko azkoitiarrak irabazi du, Nire arrebari bertso sortarekin. Gazteen kategoriako Azkoitia saria, berriz, Garazi Larrañagak eta Laia Sudupek jasoko dute elkarrekin idatzitako Gaur goizen jaiki naun izeneko bertsoak direla eta.

Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, III. Hike eizan! bertso saioa izango da Elkargunean, eta hara joateko gonbidapena luzatu zuen Arregik. Andoni Egaña, Jesus Mari Irazu, Eli Pagola eta Nerea Elustondo arituko dira bertan bertsotan, Imanol Artola Felix gai jartzaile dutela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide