41. Azkoitia Hiria xake txapelketa jokatuko dute igandean, Kontzejupen

Andoni Elduaien 2023ko eka. 23a, 09:01
Iazko xake txapelketaren irudietako bat. (Andoni Elduaien)

10:00etan hasiko dute xake txapelketa Kontzejupen. Guztira, hogei taldek parte hartuko dute lehian, eta horietatik sei izango dira Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldekoak. Bost minutuko 11 txanda jokatuko dituzte xake jokalariek.

Igandean, Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatutako 41. Azkoitia Hiria xake txapelketa jokatuko dute Kontzejupen, Joxe Azkueren omenezko hamabigarrena. 10:00etatik aurrera, udaletxe azpiko pilotalekuan elkartuko dira txapelketan parte hartuko duten xake taldeak, eta aurtengo onena nor den ebatziko dute eguerdira bitartean.

Suitzar erako txapelketa jokatuko dute beste behin: bost minutuko 11 txanda jokatu beharko dituzte. Herriko xake taldeak nabarmendu du "klubean dagoen giro ona" tarteko, "urte berezia" ari dela izaten taldearentzat. Horren adibide da igandeko txapelketarako herriko taldeak aurkeztuko duen talde kopurua; izan ere, Anaitasuna-Kakuteko sei taldek parte hartuko dute lehian. Horietako bi emakumeek osatutakoak izango dira, baita Santurtzik (Bizkaia) aurkeztuko duen talde bat ere.

Guztira, hogei taldek parte hartuko dute txapelketan: Azkoitiko Anaitasuna Kakute, Hondarribiko (Gipuzkoa) Marlaxka, Donostiako Gros xake taldea, Beasaingo (Gipuzkoa) Alfil, Billabona, Eibar, Elorrioko (Bizkaia) Zaldi Baltza, Lekeitioko (Bizkaia) Jokin Erdotzia, Barakaldo (Bizkaia), Zornotza (Bizkaia), Santurtzi (Bizkaia), Berako (Nafarroa) Beraun, Gasteizko Martintxo eta Kantabriako (Espainia) Liendo taldea.

Anaitasuna Kakute xake taldeko zuzendaritza batzordeak adierazi du klubean "ilusioa" sortu dela txapelketara sei talde aurkeztuko dituelako. "Aurrez egindako lanaren emaitza da hori; xake ikastaroetan begiraleek egindako lan onaren eta klubak bizi duen giro onaren erakusgarri. Etorkizuna lantzeko urtea ari da izaten guretzat aurtengoa. Xakearen mundu mailako boom-ak erakutsi dio jendeari kirol honetan aritzeko ez dela ez adin, sexu edota ideologia zehatzik behar. Gainera, bigarren muskulurik garrantzitsuena lantzeko balio du xakeak: garuna".

Igandeko txapelketa Mikel Almansa nazioarteko epaileak zuzenduko du, eta sari banaketa ekitaldian parte hartuko du Cesar Montolio Gipuzkoako Xake Federazioaren presidenteak. Urtero bezala, halaber, Joxe Azkue taldekide zenari omenaldi txiki bat egingo diote. "Duela hamabi urte utzi gintuen Joxek; dagoen lekuan dagoela, oso harro egongo da klubak lortutako emaitzekin", azaldu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide