Lucia Valorrek erkidego arteko xake txapelketa jokatuko du euskal selekzioarekin

Andoni Elduaien 2023ko eka. 19a, 10:17
Lucia Valor xake jokalaria. (Anaitasuna Kakute)

Ostegunetik igandera bitartean jokatuko dute 14 urtez azpikoen erkidego arteko xake txapelketa, Albaceten (Espainia). Euskal selekzioa rankingeko hamahirugarrena da gaur-gaurkoz.

Anaitasuna Kakute xake taldeko Lucia Valor azkoitiarra euskal selekzioarekin arituko da aste honetan, Albaceten (Espainia). 14 urtez azpikoen euskal selekzioko taldearekin arituko da erkidegoen arteko xake txapelketan, ostegunetik igandera bitartean. Sarasketak, Odriozolak, Tafallek, Menoyok, Ibarrak eta Valorrek osatuko dute euskal taldea.

Guztira, hamazazpi selekziok parte hartuko dute xake txapelketa horretan. Katalunia, Madril eta Asturias dira txapelketa irabazteko faborito nagusiak; euskal selekzioa rankingeko hamahirugarrena da gaur-gaurkoz. Dena den, txapelketa ona egiteko gogotsu da taldea.

Anaitasuna Kakute taldeak adierazi du "konfiantza osoa" dutela Valorrengan. "Gipuzkoako Ligan maila ona erakutsi zuen, eta txapelketa hau, maila oneko taldekideek lagunduta, oso ondo etorriko zaio Granadan [Espainia] jokatuko duen 14 urtez azpiko Espainiako Txapelketarako". Bestalde, Maria Okudak azkenean ez du parte hartuko txapelketan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide