Musika eskolaren entzunaldi bana izango da bihar eta etzi, Elkargunean

Ane Olaizola 2023ko eka. 19a, 09:53

Bihar, piano, akordeoi, bonbardino, flauta eta klarinete hotsak nagusituko dira, eta etzi, trikiti eta pandero ikasleen txanda izango da. Bi saioak 18:30ean hasiko dira.

Bizkargi musika eta dantza eskolak entzunaldi bana eskainiko du bihar eta etzi —astearte eta asteazken—. Biharkoan, hainbat musika tresna ikasten dabiltzan erdi mailako ikasleek eskainiko dute saioa; zehazki, pianoa, akordeoia, bonbardinoa, flauta eta klarinetea izango ditu publikoak entzungai, eta azken hilabeteetan ikasitakoa taularatuko dute ikasleek, bakarka, binaka zein taldean. Parte hartzaileen artean, gainera, Itxaso Alberdi Bizkargiko ikasle ohia izango da; egun, Donostiako kontserbatorioan ikasten ari da azkoitiarra. 18:30ean hasiko da emanaldia, Elkarguneko Oteiza aretoan.

Ordu berean elkartuko dira musikazaleak asteazkenean ere. Egun horretan, baina Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, trikiti eta pandero hotsak nagusituko dira, eta bi musika tresna horiek ikasten ari diren ikasleek askotariko piezak eskainiko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide