Gazte Eguna ospatuko dute aurreneko aldiz zapatuan

Andoni Elduaien 2023ko eka. 19a, 10:00
Gazte Asanbladaren bazkari bateko irudia. (AGA)

Azkoitiko Gazte Asanbladak eta Gazte Koordinadora Sozialistak aurreneko aldiz antolatu du Gazte Eguna. Askotariko ekintzak egingo dituzte larunbatean herrian, besteak beste, hitzaldia, bazkaria eta mojito txapelketa. Bazkarirako txartelak erosi beharko dira eguna baino lehen, eta txapelketarako izena eman beharko da.

Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) eta Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) I. Gazte Eguna antolatu dute larunbaterako. Azken asteetan egitaraua ontzen aritu ostean, jakinarazi dute zapaturako prestatu duten egitaraua zein den. Goizean hasiko dituzte egunari lotutako ekintzak eta iluntze-gau partean amaitu.

Hain justu, 11:00etan hamaiketakoa egingo dute San Martingo Ardatz elkartean. Ondoren, 12:30ean, hitzaldia eskainiko dute Kultur Etxean; oinarrizko eskubideez eta askatasun politikoez arituko dira han. Eguerdi-arratsalde partean jarraituko dute festa egunarekin. 14:00etan, bazkaria egingo dute Goiko Losan. Hain justu, bazkarirako txartelak erosi beharko dira aurrez 12 euroren truke, eta horiek herriko hainbat tabernatan eskuratu daitezke. Pastazko entsalada, oilaskoa saltsan eta limoizko moussea eskainiko dituzte jateko, sagardoak eta kafeak lagunduta. 16:00etan, berriz, bingo musikatua egingo dute pilotalekuan bertan.

17:00etan, mojito txapelketa izango da Goiko Losan. Txapelketan parte hartzeko bi edo hiru laguneko taldeak osatu beharko dira, eta ondoren, AGAren nahiz GKSren sare sozialetara idatzi beharko da izena emateko; 5 euro ordaindu beharko da parte hartzea. Egunari gauean emango diote amaiera, musika jartzaileen emanaldiekin. Hain zuzen, Ol_ber eta Aibofobia musika jartzaileek girotuko dute pilotalekua gauera bitartean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide