Maila oneko partidekin amaitu dituzte ISB Saskibaloi Topaketak

Andoni Elduaien 2023ko eka. 18a, 16:33

Ordizia zein ISB (mutiletan) eta Easo (nesketan) nagusitu dira gaur eguerdian Azpeitiko kiroldegian jokatutako finaletan. Hiru talde horiek eskuratu dituzte ISBren Saskibaloi Topaketaren garaikurrak. Guztira, 450 haur elkartu dira topaketan.

Atzo, zapatua, ekin zioten Iraurgi saskibaloi klubak antolatzen duen ISBren Saskibaloi Topaketari izango da. Atzo eta gaur artean jokatu dituzte partidak Azkoitian eta Azpeitian. Eguerdian jokatu dituzte topaketak ixteko finalak, eta Ordizia nahiz ISB nagusitu dira mutiletan, eta Easo nesketan. Txapeldunek eta txapeldunordeek garaikurrak jaso dituzte finalen ondoren.

2012, 2013 eta 2014 urteetan jaiotako Gipuzkoako eta Bizkaiko zortzi saskibaloi klubetako 450 lagunek parte hartu dute saskibaloi festan: Iraurgi SB, Donostiako Easo, Ordizia, Beasaingo BKL, Bilboko La Salle, Donostiako Luberri, Barakaldoko Paules eta Durangoko Tabirako.

Azpeitian hiru gunetan banatuta jokatu dituzte partidak 2012 eta 2013 urteetako haurrek; kiroldegian, Urola Ikastolan eta Perdillegin jokatu dituzte lagunarteko saskibaloi neurketak. Azkoitian, berriz, 2014an jaiotako umeen arteko saskibaloi partidak izan dira Azkoitia BHI ikastetxeko kantxetan eta kiroldegian.

(Argazkiak: Mikel 'Otola')

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide