Herrian dira Goilurrak Rallyko partaideak

Andoni Elduaien 2023ko eka. 17a, 10:55

Goilurrak Rallyan parte hartzen ari diren autoak geldialdi laburrak ari dira egiten herriko plazan. 68 ibilgailuk eman dute izena lehiarako, baina atzo 40 autok amaitu zuten rallyaren lehen zatia. Gaur, berriz, 37 atera dira errepidera.

Hasi dira Goilurrak Rallyko partaideak Azkoitira iristen. Goizeko lehen ordutik ari dira plazara ailegatzen proban parte hartzen ari diren ibilgailuak. Hain justu, atzo hasi zen Lazkaon (Gipuzkoa) automobilismoaren festa, autoen egiaztapenak egin ondoren. Atzora arte 68 partaide zeuden izena emanda, baina 40 autok amaitu zuten Lazkao eta Olaberria (Gipuzkoa) artean jokatutako zatia.

Gaur, berriz, hamar erlojupeko zati dituzte aurretik, eta horietako lau herriko errepideetan. Lehen eta hirugarren zatiak Bergaran (Gipuzkoa) abiatuko dira, Elosu auzotik igaro, eta Azkoitian bukatzeko. Bigarren eta laugarren zatiak, berriz, Zestoan (Gipuzkoa) hasi, hango Endoia auzora igo, eta Azkoitiko Madariaga gainean bukatuko dituzte.

Bergara eta Azkoitia arteko lehen igaroaldian, Aitor Saizarrek eta Alazne Apalantzak egin dute denbora onena (08:53,21); Iraitz Olariaga pilotu azkoitiarra eta haren bikote Oihane Uranga hirugarrenak izan dira 09:23,82 denbora eginda. Zestoa eta Madariaga lotu dituen bidean ere Xabier Lujua eta Moises Gomez (08:48,85) izan dira aurrenak; Olariaga eta Uranga seigarrenak izan dira 28 segundo eta 91 ehunenekora (09:17,76). Sailkapen orokorrean, laugarrenak dira une honetan bi herritarrak 22:53,54 denbora orokorrarekin. Saizar eta Apalantza liderren denboratik minutu bat eta hamalau segundora daude une honetan.

11:35ean igaroko dira bigarren aldiz Elosutik, eta 12:20ean Zestoa-Madariaga artekoa egingo dute azken zatia. Eguerdian, berriz, Zumarragan (Gipuzkoa) bat egingo dute partaide guztiek, eta arratsaldea erabakigarria suertatuko da; Legazpi-Gabiria-Ormaiztegi-Mutiloa, eta Zerain-Zegama bideak hiruna aldiz igaroko dituzte partaideek.

Guztira, 443 kilometro egin beharko dituzte lehiakideek: hamaika erlojupeko, 125,5 kilometro erlojuaren aurka, bi egun eta hamahiru ordu eta erdiko gidaritza ikuskizuna. Zenbakietan hazten segitzen du Goilurrak Rallyak; izan ere, bosgarrenez ari dira egiten aurten Ikullu Racing eta Errebueltie eskuderiek antolatutako proba. Aurten, 41 kilometro gehiago eta erlojupean 10 kilometro gehiago egin beharko dituzte guztira gidariek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide