Bilboko hilketa matxista salatu dute hainbat herritarrek

Andoni Elduaien 2023ko eka. 16a, 20:24
Herritar ugari elkartu da Ikurrinaren plazan egin duten elkarretaratzean. (Andoni Elduaien)

89 urteko emakume bat hil du 28 urteko gizonezko batek bart Bilbon, eta gertaera salatzeko, elkarretaratzea egin dute arratsaldean Ikurrinaren plazan dozenaka lagunek, Urola Erdiko Itaiak deituta.

89 urteko emakume bat hil du 28 urteko gizonezko batek bart Bilbon, eta hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin du Itaiak arratsaldean. 19:00etan Ikurrinaren plazan elkartu dira dozenaka herritar azken hilketa matxista hori salatzeko. 

Gauerdian, poliziaren ibilgailu batengana hurbildu da gizon bat Bilboko (Bizkaia) Santutxu auzoan, eta polizia-agenteei esan die senide bat erail duela etxean. Osasun langileak haren etxera joan dira orduan, eta emakumezkoa hilda zegoela baieztatu dute. Gizonezkoa atxilotu dute, hilketaren egilea delakoan. Epailearen esku utzi dute gaur, eta hark espetxera bidaltzea erabaki du.

Itaiako ordezkariek idatzi bat irakurri dute gaurko elkarretaratzea amaitu aurretik, eta haiek "gogor" salatu dute bart gaueko gertakaria. Era berean, "babes eta elkartasun osoa" helarazi dizkiete eraildako emakumearen familiari eta ingurukoei. Egungo errealitate sozialean emakume langileen aurkako erasoak "eguneroko ogia" direla salatu dute antolakundeko kideek. "Horren adibide dira atzoko erailketa eta azken hilabeteetan gertatutako Orioko zein Gasteizko beste bi kasuak. Horren gain, ezin aipatu gabe utzi duela bi aste Azpeitiko Sanjuandegiko festetan egindako jazarpenak, komentario lizunak, ukituak... Etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa duen eta arau kultural bilakatu den ideologia matxistak gizonaren gailentasunerako testuinguru paregabea sortzen du. Hori dela eta, emakume langileon zaurgarritasun egoera baliatuta, gure aurkako erasoak etengabeak dira".

Egoera horren aurrean, Itaiako kideek adierazi dute "ezinbestekoa" dela "indarkeria matxista gainditzeko erantzun eraginkorrak hedatzea, emakume langileon aurkako erasoak gauzatzen dituzten figurak seinalatzea eta emakumeok egoera horretatik askatzeko beharrezko baliabide ekonomikoak eta sozialak garatzea". Emakumeen antolakundeak horretan lanean jarraitzeko "konpromiso osoa" azaldu du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide