Bilboko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Itaiak gaur arratsalderako

Maialen Etxaniz 2023ko eka. 16a, 15:39
Hilketa matxisten aurka Azkoitian egindako elkarretaratzeko artxibo irudia. (Itaia)

19:00etan egingo dute elkarretaratzea Ikurriñaren plazan. Bilbokoarekin urtea hasi zenetik hiru emakume hil dituzte indarkeria matxistaz Euskal Herrian. 

89 urteko emakume bat hil du 28 urteko gizonezko batek bart Bilbon, eta hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Itaiak gaur arratsalderako. Emakumeen antolakundeak 19:00etan egingo du kontzentrazioa Ikurriñaren Plazan.

Gauerdian, poliziaren ibilgailu batengana hurbildu da gizon bat Bilboko (Bizkaia) Santutxu auzoan, eta polizia-agenteei esan die senide bat erail duela etxean. Osasun langileak haren etxera joan dira orduan, eta emakumezkoa hilda zegoela baieztatu dute. Gizonezkoa atxilotu dute, hilketaren egilea delakoan. Epailearen esku utzi dute gaur, eta hark espetxera bidaltzea erabaki du.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak baieztatu du hilketa matxista izan dela bart jazotakoa. Zehaztu dute "etxeko indarkeria" dela mota penala, ustezko hiltzailea eta biktima familia berekoak direlako. Istanbulgo Protokolokoak dioenari erreparatuz, tankera horretako kasu guztiak "indarkeria matxista" edo "emakumeen aurkako indarkeria" gisa hartzen ditu Segurtasun Sailak, eta hor sartzen dira, besteak beste, indarkeria matxista, etxeko indarkeria, erasoa, ezkontza behartua edo sexu esplotaziorako emakumeak salerostea.

Aurtengo hirugarren biktima

Aurten Euskal Herrian hirugarren hilketa matxista da. Maiatzaren 16an, gizon batek bikotekide ohia hil zuen Orion, eskopeta batekin tiro eginda. Maiatzaren 28an, bestalde, gizon batek 32 urteko emakume bat hil zuen Gasteizen, apartamentu hotel bateko logela batean. Senideek aurkitu zuten hilotz, hiru urteko alaba alboan zuela; hura onik zegoen. Ikerketa abiatu zuten berehala, gorpuak indarkeria zantzuak baitzituen. Haren bikotekide ohia, atxilotu zuten, handik ordu batzuetara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide