Bittor Elizalde: "Norbere buruari erronkak jarri behar zaizkio"

Andoni Elduaien - Urtzi Oteiza 2023ko eka. 16a, 08:47

Azkoitiko Zubiaurre master taldeko kidea da Bittor Elizalde (Zumaia, 1956), eta master igerilarien Espainiako Kopa Txapelketan ari da parte hartzen. 11 itsas zeharkaldi egingo ditu hark irailera bitartean.

Itsas zeharkaldi ugari ari zara egiten azken asteetan. Guztira, 11 egingo dituzu Espainiako Kopa Txapelketaren barruan.

Urtero erronka bat egiteko gogoa izaten dut, eta aurten, master igerilarien Espainiako Kopa Txapelketan parte hartzea erabaki nuen. Horrelakoetarako, ordea, logistika ere behar da, bidaiak-eta antolatu egin behar izaten baitira. Zubiaurre master taldekoek nahiz etxekoek asko lagundu didate horretan, eta behin horiek guztiak erdi eginda nituela, hastea erabaki nuen.

Lau proba egin dituzu, eta beste zazpi dituzu aurretik.

Lehena, Eivissan [Herrialde Katalanak] izan nuen, eta bigarrena Caceresen [Espainia] . Hirugarren proban jokatu genuen masterren Espainiako txapelketa, Sevillan [Espainia]. Kirolari onenek parte hartu zuten han, eta nire sorpresarako, bigarren sailkatu nintzen. Azken proba, berriz, joan den asteburuan jokatu nuen, Santa Cruz Tenerifekoan [Espainia]. Lautik hirutan lehena izan naiz, eta Espainiako Txapelketan bigarrena.

Zein probak utzi dizu zapore gozoena?

Azkenak, zalantzarik gabe. Antolakuntza oso ona izan du; orain arte ikusitako onenetakoa. Igerilariak mimoz tratatu dituzte; gehienbat kanpotik hara joandakoak. Antolatzaileek esaten zuten horrelako probetarako mimatu egin behar direla kirolariak, eta hori eginez gero, hurrengo urterako ateak zabaldu egiten direla. Esan hori asko gustatu zitzaidan.

Ez da gisa horretako erronka egiten duzun lehen aldia, ezta?

Iaz, Soplaoko 10.000 metroko proba egin nuen. Lehen zazpi kilometroetan ondo aritu ginen, baina itsasoa zakartu egin zen gero, eta nahikoa arazo izan zen jendea uretatik ateratzen. Dena den, beste txapelketetan ere parte hartu izan dut, Gipuzkoako Ligan, esaterako.

Itsas zeharkaldiak egiteko entrenatzea garrantzitsua da. Nola antolatzen zara?

Neguan prestatzen naiz gehienbat. Astelehenetan eta asteazkenetan izaten ditut master taldeko entrenamenduak. Ostegunetan eta ostiraletan, aurrena gimnasioko lanak egiten ditut, eta segidan, igerilekura sartzen naiz. Zapatuetan, berriz, bost kilometrotik gora egiten ditut uretan, gorputzaldiaren arabera. Astean hamabost-hogei kilometro egiten ditut. Negua igarotakoan, berriz, gimnasioa uzten dut; izan ere, ordurako gorputza gogortuta egoten da, eta igerirako bigundu egin behar izaten da.

Zubiaurreren master taldeko kidea zara. Noiz batu zinen Azkoitiko master taldera?

Master taldea sortu aurretik, taldea martxan noiz jarri behar genuen esan eta esan aritzen nintzen igerilekuan. Azpeitian eta Zumaian taldeak martxan zeuden, eta gainera, funtzionamendu onarekin. Igerilekuko arduradunak berotzen jardun nuen, eta azkenean, martxan jartzea lortu genuen. Jendeak izena eman du, 50 lagun gaude-eta egun taldean. Gauza asko daude oraindik egiteko; gauza asko hobetu daitezke, baina denborak erakusten ditu nahiak eta egitekoak. Taldeko zaharrena naiz, eta gustura aritzen naiz gazteekin borrokan.

Igerirako ere nahitaezkoa da aritzeko zaletasuna edukitzea. Nondik eta noiztik datorkizu afizioa?

Txikitatik datorkit. Zumaiarra naiz, eta jaiotzetik ibili izan naiz Algorriko haitzetan. Han hasita, urpeko arrantza egin izan dut duela gutxira arte. Orain, ordea, ezin dut uretara sartu; urpean dagoen plastiko eta txerrikeria pilak atzerakada ematen dit. Orain, itsas zeharkaldiekin zentratuta nabil gehiago. Ondo etorri zait, gainera; izan ere, lehen bi praktikak uztartzen nituen, baina arnasketa kontuagatik ez dira bateragarriak.

Oraindik ez duzu galdu, beraz, itsasoarekiko lotura.

Ezkondu nintzenean, garbi nuen negua Azkoitian eta uda Zumaian igaroko genuela, eta halaxe ibili gara urteetan. Dena den, emaztearen amak 100 urte ditu, eta orain ezin dugu lehen bezala Zumaiara joan. Agian norbaitek latzak botako dizkit, baina oraindik Zumaian nago erroldatuta [barreak].

Amaitzeko, zein da zure ametsetako erronka?

Ametsak beti bizirik egon ohi dira, beti baitago zerbait egiteko. Beti egin behar da zerbait, norbere buruari erronkak jarri behar zaizkio, bestela ez diet zentzu askorik aurkitzen gauzei. Calahorran [Espainia] bizi den beste lagun batekin hitz egin nuen Sevillan, eta beharbada Atlantikoa gurutzatuko dugu hango proba batean parte hartzeko; ikusiko dugu han zer egin daitekeen. Bien bitartean, hogei-bat zeharkaldi egiten ahaleginduko naiz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide