Azkoitiko eta Azpeitiko saltokietan 500 euroko bi bonu eskuratu ahal izango dituzte bezeroek datorren astean

Julene Frantzesena 2023ko eka. 14a, 11:58
Herrixeneko, Bertaneko eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariak. (Iraurgi Berritzen)

Merkatariek sentsibilizazio kanpaina bat jarriko dute martxan astelehenean, eta zapatura bitartean izango da martxan. Orotara, 20.000 piruleta kaleratu dituzte, eta horietako bi urre kolorekoak izango dira; bi piruleta berezi horietako bana banatuko dute Azpeitian eta Azkoitian.

Azkoitiko eta Azpeitiko merkatariek sentsibilizazio kanpaina bat jarriko dute martxan astelehenean, eta zapatura bitartean izango da martxan, Saltoki txikietan erosteak urrezko egiten zaitu lelopean. Bi herri horietako saltokietan erosketak egiten dituzten herritarrek gozagarri bat eskuratzeko aukera izango dute; piruletak.

Orotara, 20.000 piruleta kaleratu dituzte, eta horietako bi urre kolorekoak izango dira. Bi piruleta berezi horietako bana banatuko dute Azpeitian eta Azkoitian, eta horiek sari bana izango dute: Azpeitiko nahiz Azkoitiko saltokietan gastatzeko 500 euroko sariak.

Sentsibilizazioan eragitea da kanpainaren helburua, hau da, herritarrak bertan kontsumitzeak duen garrantziaz ohartaraztea. Hala azaldu dute egitasmoaren sustatzaile diren Herrixen Azkoitiko merkatari elkarteak, Bertan Azpeitiko merkatari elkarteak eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak: "Saltokiak irekita egoteak argia, bizia eta indarra ematen diote herriei, urreak bezala".

Haien esanetan, halako kanpainak "ezinbestekoak" dira, gainera. "Etengabe egin behar da saiakera, informazioak xurgatzen gaituen garai hauetan kalean ibiltzeak, erakusleihoak ikusteak eta bertan erosteak dituen onurak erakutsiz". Halaber, halako egitasmoak sustatzen jarraitzeko asmoa agertu dute, sektorearen profesionalizazioan eragiteko, egungo eta etorkizuneko kontsumitzaileek herriguneetan kontsumitzen jarrai dezaten. Gainera, datorren astean sei egunez martxan izango den kanpainak Eusko Jaurlaritzaren finantzazioa duela azaldu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide