27. urteurreneko ekintzak hasiko ditu Matadeixek zapatuan

Ane Olaizola 2023ko eka. 13a, 14:26
Amsia musikaria.

Uztailaren 8ra bitartean, musika emanaldiek, liburu aurkezpenak eta bestelako hainbat saiok hartuko du Matadeixe, Matadero Ekintzaken 27. urteurrena ospatzeko. Larunbatean, Amsia eta Container musikariek girotuko dute aretoa.

Matadeixek beteko ditu 27 urte aurten, eta urteurrena ospatzeko ekintzak antolatu ditu datozen egunetarako Matadero Ekintzakek. Larunbatean hasiko dituzte ospakizunak, musika doinuekin. Izan ere, Amsia disko jartzaile azkoitiarrak saioa eskainiko du 22:30ean, eta haren ondoren, Container bilbotarren txanda izango da.

Larunbateko musika doinuen ondotik, bestelako saioek jarraituko dute ekinaren 23an, ostiralez. 19:30ean, Jon Urzelaik Euskal Herriko musika jaialdiez ondu duen Su festak saiakera liburua aurkeztuko du, eta Matadeixen San Joan bezperan tradizioa den sua eta patata izeneko ekitaldia egingo dute. Hau da, sua piztuko dute kanpoaldean, eta patata erreko dute 22:30etik aurrera.

Ekainaren 30ean, ostiralez, musika emanaldiak itzuliko dira Matadeira. Orduan, Azkoitia eta Azpeitiko Ro taldea igoko da oholtzara, eta doinu instrumentalez gozatu ahal izango dute entzuleek 22:30etik aurrera.

Uztailaren 8rako, berriz, egun osoko egitaraua antolatu du taldeak. Ohi bezala, bazkaria egingo dute lehendabizi, eta arratsaldean, 18:00etan, serigrafia tailerra izango da. 22:30ean, berriz, Azkoitiko Check Boyz rap taldeak borobilduko du eguna, eta ondoren mikro irekia izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide