Poltsa konpostagarriak banatzeko deialdia jarri du martxan Urola Erdiko Mankomunitateak

Unax LarraƱaga 2023ko eka. 14a, 08:00

Poltsa konpostagarriak.

Poltsak banatzea nahi duten Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako saltokiek ekainaren 22a baino lehen eman beharko dute izena.

Poltsa konpostagarriak banatzeko deialdia ireki du Urola Erdiko Mankomunitateak. Interesa duten Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako saltokiek izena eman dezakete mankomunitatearen webgunean edo Euskadiko kontratazio publikoaren plataforman. Deialdian parte hartzeko epea ekainaren 22ko 14:00etan amaituko da.

Poltsak banatu nahi dituzten saltoki guztiek eman beharko dute izena, bai orain arte banatzaileak izan direnek eta jarraitzea nahi dutenek, baita banatzaile berriek ere.

Ezinbestekoa da deialdian parte hartzeko izen-ematea modu telematikoan egitea, eta horretarako, ziurtagiri digitala eskuratu beharko da (IZENPE txartela edo BakQ identifikazio baliabidea). Mankomunitatearen bulegoan BakQ identifikazio baliabidea lortzeko eta online tramitazioa egiteko laguntza eskainiko dute, eta edozein zalantza argitzeko edo hitzordua eskatzeko 943-85 73 19 telefonora deitu daiteke.