Auzotarrek herri kirolez gozatu dute Elosuko Otaba jaietan

Ane Olaizola 2023ko eka. 11a, 19:44

Auzoko jaietan murgilduta daude elosuarrak atzotik, eta gaur arratsaldean herri kirol ikuskizunaz gozatu dute dozenaka lagunek, Paulo Azpiazu, Ainitze Zumeta, Ugaitz Mugertza eta Maika Aristegiren eskutik. 

Elosua auzoan otabak ari dira ospatzen atzoz geroztik, eta gaur —igandea— arratsaldean, herri kirolek hartu dute tartea. Paulo Azpiazu eta Ainitze Zumeta harri jasotzen aritu dira, eta Ugaitz Mugertza eta Maika Aristegi, berriz, aizkoran. Dozenaka lagun elkartu dira auzoko frontoian ikuskizuna jarraitzeko. Segidan, erromeriari ekin diote han elkartutakoek. 

Atzo arratsaldean hasi ziren auzoko jaiak, suziriarekin, eta ondoren mus txapelketa egin zuten. Iluntzean, berriz, bertso afaria izan zen Maialen Akizu eta Aitor Sarriegi bertsolariekin. Bihar amaituko dira festak, Otaba Txiki Egunarekin, eta orduan ere izango da zertaz gozaturik. Honako egitarau hau izango dute hara bertaratzen direnek: 

Astelehena, Otaba Txiki Eguna
  • 12:00etan, auzoan hildakoen aldeko meza.
  • 13:00etan, Piskolabitx.
  • 15:00etan, auzo bazkaria.
  • 19:00etan, trikipoteoa.
  • 21:00etan, auzo afaria eta erromeria
  • 00:00etan, bandera jaitsiera eta jaien amaiera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide