Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Arantxa Agirre: "Herritarrek asko eskertzen dute saltokiak ez ixtea eta negozioak irekita mantentzea"

Erredakzioa 2023ko eka. 9a, 13:09
Arantxa Agirre Arrospide dendan.

Arrospide saltokiko langile izatetik, dendaren ardura osoa hartzera igaro da Arantxa Agirre. Bi denda ditu orain bere ardurapean; Azpeitikoa eta Azkoitikoa. Lehen hilabeteetako lana "asko eta gogorra" izan dela onartu arren, gustura agertu da hartutako erabakiarekin.

Arrospide oinetako denda eskualdaketan hartu duzu. Nola joan da prozesua?

Lehendik ere Arrospide saltokian egiten nuen lan. Gainera, beti izan dut denda bat zabaltzeko gogoa. Sukaldeko tresneria saltzen zuen denda batean ere lan egindakoa naiz, eta ideia horretatik joateko ideia nuen, produktu edo xaboi ekologikoekin batera. Aspaldiko ideia bat zen. Arrospideko jabeek erretiroa hartu behar zuten, eta denda hartzea eskaini zidaten. Ez nuen inondik inora horrelako proposamenik espero, baina pentsatzeko denbora hartzea erabaki nuen. Izan ere, ez da saltoki bat, bi dira: Azpeitikoa eta Azkoitikoa. Hala, etxekoekin hitz egin nuen, eta Iraurgi Berritzen agentziara ere jo nuen, eta denek animatu ninduten, beraz, buruari buelta asko eman ondoren, baiezkoa eman nuen.

Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu?

Martxan zegoen negozioa zen, ondo zihoan, eta alde horretatik segurtasuna ematen zidan. Baina, beti izaten dira duda batzuk, ekonomikoak batik bat. Hala ere, gogorrena edo zailena izapide kontuak izan dira: batetik, negozioaren eskualdaketa, bestetik, oinetakoen etxe asko daude eta horiekin harremanetan jartzea... Gauza asko daude egiteko.

"Onurak garbiak dira; zure gustura eta erritmora egiten dituzu gauzak. Langile bezala ere beti saiatu izan naiz gauzak ondo eta txukun egiten, baina, orain, are gehiago. Zeurea dela sentitzen duzu, eta horrek gehiago egitera bultzatzen zaitu"

Zer moduz lehengo hilabeteak? Orain arteko balorazioa positiboa al da?

Nahiz eta dena oso berria den, momentuz gustura eta ilusioz ari naiz lanean. Aurrez zeuden jabeek ere asko lagundu didate hasiera honetan, eta eskertzekoa da. Azkenean lana ez da dendan egotea, beste hamaika kontu daude: oinetakoak erostera joatea, fakturak kudeatzea... Etxera joandakoan ere, buruari bueltak ematen jarraitzen diot, gauzak nola egin erabakitzen. Martxoan hasi nintzen, eta pozik nago, jendea etortzen da dendara eta ersoten ari da, beraz, momentuz gustura nago.

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Onurak garbiak dira; zure gustura eta erritmora egiten dituzu gauzak. Langile bezala ere beti saiatu izan naiz gauzak ondo eta txukun egiten, baina, orain, are gehiago. Zeurea dela sentitzen duzu, eta horrek gehiago egitera bultzatzen zaitu. Desabantaila, berriz, onurekin lotuta dago; izan ere, gehiago egitean ordu gehiago sartu behar dituzu. Ordu asko; lanean, etxean... Agian hasiera delako da, baliteke gerora baretzen joatea hori. Baina, oraingoz, horrela da eta hori da neketsuena.

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak? Zer aholku emango zenioke enpresa sortzera doan ekintzaileari?

Duela urte batzuk ez nuke erabaki hau hartzeko ausardiarik izango, baina une egokia zela sentitu nuen, eta probatu gabe ere ez duzu inoiz jakingo. Gauzak okerrera joateko mehatxua ere beti hor dago, horregatik nahiago dut poliki joatea. Ez naiz ni pertsona egokiena inori aholkuak emateko, baina esperientziak merezi duela esango nieke. Gaur egun, gainera, herritarrak asko eskertzen dute saltokiak ez ixtea eta negozioak irekita mantentzea. Jende askori ematen dio tristura dendak ixten doazela ikusteak.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?

Denbora gutxi daramat, eta, beraz, hasieran finkatzea nahiko nuke, dendara bideratu nahi dut, indarrak bi dendetan jarri. Ez da erraza, denda bateko lana oso neketsua da, ordutegi berezia da, eta ordutegi bereziarekin lan egiteko prest dagoen jende gutxi dago. Horretarako, ordea, bezeroak ere behar ditugu, eta ateak zabalik izango ditugu nahi duenak hurbildu dadin. Ahalik eta zerbitzu onena eskaintzen saiatuko gara. Bestetik, eskualdaketa izanda, eta hasierako pausoak bakarrik emanda, momentuz, izenak bere horretan jarraituko du, Arrospide Oinetakoak, baina etorkizunean baliteke izena aldatzea.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide