Emakume azkoitiar batek Azpeitiko Sanjuandegin jasandako eraso matxista salatu du udalak

Andoni Elduaien 2023ko eka. 7a, 13:12
Aurtengo Sanjuandegiko festetako une bat. (Aitziber Arzallus)

Joan den asteburuan, Azpeitiko Sanjuandegi auzoko jaietan Azkoitiko emakume batek eraso matxista jasan zuela jakinarazi du udalak. Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak gizarte osoaren "inplikazioa" eskatu du "emakumeen kontrako bidegabekeria guztiak errotik desagerrarazteko".

Azpeitiko Udalak oharra kaleratu zuen atzo, asteartea, joan den asteburuan Sanjuandegi auzoko jaietan "zenbait eraso sexista" izan direla baieztatuz eta horiek salatuz. Bada, gaur, Azkoitiko Udalak jakinarazi du eraso matxista jasan zuen emakumeetako bat azkoitiarra dela. Horren aurrean, Azkoitiko Udalak "bere gaitzespenik irmoena" adierazi du. Halaber, erakundeak jakinarazi du udal arduradunak emakumearekin harremanetan jarri direla "babesa helarazteko, eta udalaren laguntzak zein baliabideak eskaintzeko".

Gertakariak salatzeaz eta erasotuei elkartasuna eta babesa adierazteaz gainera, elkarretaratzera dei egin dute gaur, asteazkena, arratsalderako. Indarkeria matxista orori aurre egin! Erasotzaileen inpunitaterik ez! lelopean, Azpeitiko Jose Antonio Agirre plazan egingo dute protesta, 19:30ean hasita.

"Azkoitiko Udalak eta Azkoitiko herriak ez dute inolaz ere onartzen indarkeria matxistarik, ez hemen, ez ondoko herrian, ez inon", adierazi du Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak. "Emakumeen eskubideak urratzen dituen adierazpen oro irmoki salatzen dugu, eta ozen esaten jarraituko dugu horrelako gertakariek ez dutela tokirik gure gizartean".

Halaber, erakundeekin batera, gizarte osoaren "inplikazioa" eskatu du Zubillagak "emakumeen kontrako bidegabekeria guztiak errotik desagerrarazi" daitezen. Era berean, udalak arrisku egoeretan laguntza eskatzeko bideak jakinarazi ditu:

  • SOS Deiak: 112
  • Azkoitiko Ertzaintza: 943-08 37 80
  • Azkoitiko Udaltzaingoa: 943-85 71 71
  • Telefono bidezko informazio eta arreta zerbitzu espezializatua: 900-84 01 11
  • Aurrez aurreko arreta. Biktimari laguntzeko zerbitzua: 900-10 09 28
  • Aurrez aurreko arreta. Azkoitiko Gizarte Zerbitzuak: 943-85 71 74
  • Azkoitiko osasun etxea: 943-00 76 10
  • Etengabeko arreta gunea (EAG), Azpeitia: 943-02 54 00

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide