Elikadura burujabetza bultzatzeko eta ingurumena babesteko baratze ikastaroak antolatu dituzte

Andoni Elduaien 2023ko eka. 7a, 15:03
Baratze parkeko landaketa baten irudia. (Sustraiak Bizirik)

Ekainean, uztailean eta irailean eskainiko dituzte permakulturan oinarritutako baratze ikastaroak Altamirako Baratze Parkean. Ikastaroak doakoak dira, eta datorren larunbatean hasiko dira.

Sustraiak Bizirik elkarteak, udalak lagunduta, elikadura burujabetza bultzatzeko eta ingurumena babesteko baratze ikastaroak antolatu ditu. Larunbatean, ekainak 10, hasiko dituzte doako ikastaroak, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz emango dituzte. Baserria zaharberritzeko egitasmoaren barruan antolatu dituzte ikastaroak. Hain justu, duela lau urte ekin zioten nekazaritzari eta baserriari lotutako ohitura nahiz sinesmen zaharrak urratzeko lanketari.

Bi helburu lortzeko hartu zuen bide hori elkarteak: batetik, elikadura burujabetza bultzatzea, eta bestetik, ingurumena babesteko nahiz biziberritzeko. "Baserrietako lan jarduerak eta usadioak ikertzeari ekin genion eta bide horretatik jarri genuen martxan Baserria zaharberritzeko egitasmoa. Gure baserrietan belaunaldiz belaunaldi garatutako jakituria galtzeko kinka larrian dagoela ohartu eta antzinako ohiturei eguneratutako erabilpena emateko asmoz garatu genuen proiektua", azaldu dute antolatzaileek.

2019an Kutxa Fundaziotik jasotako diru laguntzarekin eta Ekogunearen kudeaketa laguntzarekin hasi ziren  jatorrizko baserri eredua aztertzeko eta bertako zereginei nahiz jakituriei balio erantsia emateko zereginetan. Ikerketa lanak Neikerreko eta Fraisoroko laborategien laguntzarekin bideratu dute.

Azkoitiko Santa Kutz auzoko lursail batean jarri zuen Sustraiak Bizirikek proiektua gauzatzeko lehen baratzea, eta han hainbat ikerketa egin dituzte. Asun, azeri buztan eta txikori belarrekin erremedio naturalak egin zituzten, bertako ardi simaurretik ateratako zizare humusa sortu zuten, baita baratzeetako landare usaindunen gaitasunaren azterketa ere.

Urteetako jardunaren emaitza

Sustraiak Bizirik elkarteak nabarmendu du larunbatetik aurrera emango dituzten ikastaroak "urteetako jardunaren ondorio eta emaitza" direla. "Elkartea sortu genuenetik ari gara elikadura burujabetzarekiko eta ingurumenarekiko errespetua lantzen duten nekazaritza ereduak lantzen, eta lanketa teorikoak eta praktikoak egiten".

Hasiera batean, nekazaritza ekologikoa lantzen hasi zen elkartea, baina denborarekin permakultura ereduetara jo zuten. Hori horrela, eredu horretan oinarritutako baratze taula kanal propioak garatu dituzte. Permakultura ereduan nekazaritza ekologikoa lantzen da, baina ekoizte baliabideak tokikoak dira eta nekazaritza jarduerek tokiko komunitateei onurak eragiten dizkie. Hain zuzen, lanketa horrekin ari da egun ere Sustraiak Bizirik, eta martxan dute Baratze Bankalak Bizirik (BBB) izena eman dioten era horretako lehen baratze taula Azkoitiko Baratze Parkeko 38. baratzean. Baratze gune horietan ez da beharrezkoa tabloiak erabiltzea eta lurra ontzeko ongarriak dira, batetik, ondutako simaur desberdinak, lastoa zein garoa,eta bestetik, hirigune bilakatuetako herrietan sortzen diren material birziklagarriak, hala nola konposta, kimatze hondakin organikoak eta kartoia.

Elikadura burujabetza bultzatzea eta ingurumena babestea dira ikastaro horien helburu nagusiak, baina horiez gain, ergonomia, antzinako baserri eredua berreskuratzea eta horri balioa ematea, barazki osasuntsuen eta ekologikoen kontsumoa eta garrantzia bultzatzea, tokiko biodibertsitatea bultzatzea nahiz hazien burujabetza bultzatzea, hondakin organikoen garrantzia azpimarratzea eta baratzeko ezaugarrien zein beharren berri ematea, barazki eta landare usaindunen urtaroak ezagutaraziz eta barazki osasuntsuak eta orekatua eskuragarri eginez.

Ikastaroaz gehiago

Ekainean, uztailean eta irailean izango dira ikastaroak, larunbatero, 10:00etatik 12:00etara, Azkoitiko Baratze Parkean. Antolatzaileek nabarmendu dute ikastaroetan parte hartzeko baldintza berezirik ez dagoela, eta gaian interesa duen edonork har dezakeela parte.

Gurutz Garmendiak eta Patricia Geraldinek zuzenduko dituzte ikastaroak, Felix Marañaren laguntzarekin. Geraldinek goi mailako nekazaritza ikasketak ditu eta aditua da baratze tauletan oinarritutako nekazaritza ekologikoan. Mexikoko Gobernuko nekazaritza idazkaria eta hango Landa Garapen sailean aholkularia izan ze txirotutako nekazaritza guneetan elikadura burujabetza bultzatzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide