Xala eta Bengoetxea, Pilotari Eguneko protagonistak

Andoni Elduaien 2023ko mai. 30a, 10:24
Oinatz Bengoetxeari iaz egindako omenaldiko irudi bat. (Mailo Oiarzabal)

Esku pilota profesionaleko bi kirolariek elkarrekin osatuko dute bikotea Kontzejupen, ekainaren 10ean egingo duten VII. Pilotari Egunean. Bengoetxea aurretik arituko da eta Xala atzetik. Bi pilotariak txapel bat baino gehiago lortutakoak dira profesional mailan. 

Egunak besterik ez dira gelditzen aurtengo Pilotari Egunerako. Zazpigarrenez ospatuko dute esku pilotari gorazarre egiteko festa, Azkoitian. Eguna iritsi bezperetan, gizon-emakumeen Kontzejupeko txapelketek aurrera jarraitzen dute nola bi eta erdian hala binakakoan. Eguna antolatzeko lanak ere aurreratuta dituzte antolatzaileek, eta hain justu, ekainaren 10eko protagonistak nor izango diren jakinarazi dute haiek sare sozialetan.

Iaz bezala, aurten ere Pilotari Egunean parte hartuko du Oinatz Bengoetxea Bengoetxea VI.ak, eta harekin batera arituko da pilota munduan zale ugari dituen Yves Salaberri Xalak. Esku pilota profesionaleko bi kirolariek elkarrekin osatuko dute bikotea, Kontzejupen; Bengoetxea aurretik arituko da eta Xala atzetik.

Bi pilotariak txapel bat baino gehiago lortutakoak dira profesional mailan. Bengoetxeak Buruz buruko Txapelketa irabazi zuen 2008an eta 2017an; Binakako Txapelketa, 2015ean, eta Lau eta Erdiko Txapelketa 2016an. Era berean, Gabonetako torneoa (2005) eta Nafarroako lau eta erdikoa –2011n eta 2012an– ere irabazitakoa da leitzarra. Xalak ere lau txapel lortu ditu bere profesionaletako ibilbidean, gehienak binakakoan. Hain zuzen, 2002an, 2007an eta 2010ean jantzi zuen txapela binaka, eta 2011n, buruz burukoan.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide