Gol festarekin agurtu dute denboraldia Anaitasunako emakumeek

Andoni Elduaien 2023ko mai. 29a, 19:25
Anaitasunako jokalariak atzo egindako goletako bat ospatzen. (Anaitasuna)

Mikel Barquerok zuzentzen duen taldeak 5 eta 2 menderatu zuen atzo, igandea, Lakua taldea. Emakumeen Euskal Ligako 11. postuan amaitu dute urtea gorritxoek. Gizonen gazte mailako taldea Gipuzkoako txapelduna da, eta datorren denboraldian Euskal Ligan jokatuko du.

Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak garaipen zabalarekin amaitu du 2022-2023 denboraldia. Atzo, igandea, 5-2 garaitu zuen Mikel Barquero entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak Lakua taldea. Atsedenaldirako ondo bideratu zuten lehia gorritxoek, eta bigarren zatian borobildu zuten agurreko festa.

Maider Badiola taldeko aurrelariak zabaldu zuen markagailua 17. minutuan, eta lehen zatia amaitzeko zazpi minuturen faltan bikoiztu zuen aldea taldeak; hain justu, Badiolak berak egin zuen Anaitasunaren bigarren gola. Hiru eta hutsekoaren gola, berriz, Ane Zulaika erdilariak egin zuen penalti puntutik. 

Aldageletatik itzulita ere gol festarekin jarraitu nahi izan zuten gorritxoek. 70. minutuan, Libe Urzelaik egin zuen Anaitasunaren eguneko laugarren gola, hark ere penalti puntutik. Dena den, minutu gutxian iritsi zen Lakua taldearen erreakzioa. 72. eta 75. minutuetan egin zituzten bi gol arabarrek. Hala eta guztiz ere, Azkoitiko taldea aldea handitzeko gai izan zen azken minutuetan; 80. minutuan, Arette Egigurenek egin zuen gorritxoen bosgarren gola, sasoiko azkena. 

Garaipen erosoa lortuta amaitu du denboraldia Anaitasunak. Sailkapeneko 11. postuan itxi dute urtea Barquerorenek, 45 punturekin. Hori horrela, datorren denboraldian ere Emakumeen Euskal Ligan jarraituko du Anaitasunak.

Gazteak, Gipuzkoako txapeldun

Bestalde, Anaitasunaren gazte mailako mutilen taldeak Gipuzkoako Ohorezko mailako txapelketa irabazi zuen larunbatean, Debako (Gipuzkoa) Errotazar zelaian. Xuban Epeldek zuzentzen duen taldeak 1 eta 0 irabazi zion Hondarribiari; aulkitik zelairatu zen Ekai Sudupek egin zuen taldearen gola. Gipuzkoako txapelketa irabazteaz gain, talde horrek datorren denboraldian maila bat gorago, Euskaal Ligan, jokatzea irabazi du.

Gazte mailako taldea, Deban, txapeldunaren koparekin. (Anaitasuna)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide