Carlos Larrañaga futbol jokalari ohia hil da

Andoni Elduaien 2023ko mai. 25a, 14:57
Carlos Larrañaga.

Atzo hil zen futbolari ohi azkoitiarra, 92 urte zituela, eta gaur izango da haren aldeko hileta elizkizuna. Anaitasunan hasi zuen ibilbidea eta Espainiako Ligako lehen mailan jokatu zuen Alavesekin eta Osasunarekin. Dena den, Eibarren ere aritu zen Larrañaga.

Carlos Larrañaga futbol jokalari ohia hil zen atzo, asteazkena, 92 urte zituela. 1950eko hamarkadan Euskal Herriko hainbat futbol taldetan aritu zen jokatzen atezain postuan, Espainiako Ligako lehen eta bigarren mailetan.

Atezain azkoitiarrak herriko taldean ekin zion futbolean jokatzeari, Anaitasunan; taldearekin Gipuzkoako txapelketa bat ere irabazi zuen hark. 1953ko denboraldian egin zuen Espainiako Ligan debuta, Alaves taldearekin. Bigarren mailan aritu zen Gasteizen urtebetez, baina bigarren sasoian txapelketa irabazi eta lehen mailara igotzea lortu zuen. Harrezkero, bi denboraldi osatu zituen Alavesekin lehen mailan, eta beste bi bigarrenean.

Arabako taldean bost denboraldiz aritu ondoren, Osasuna futbol klubak fitxatu zuen azkoitiarra 1958an, han ere lehen mailan aritzera. Urtebete egin zuen Iruñean, eta handik Eibarrera egin zuen gero jauzia. Guztira, 26 partida jokatu zituen Larrrañagak lehen mailan.

Gaur, osteguna, izango da haren aldeko hileta elizkizuna, 19:00etan, Andre Mariaren Jasokundeko parrokian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide