Haurrak gogotik ari dira gozatzen Xabier Munibe Ikastolaren 50. urteurren festa egunean

Andoni Elduaien 2023ko mai. 20a, 18:44

Xabier Munibe Ikastola 50. urteurren festa ari da egiten gaur, larunbata, Azkoitian. Arratsaldean ekin diete ekintzei, eta ikastola atarian askotariko puzgarriekin gozatu dute haurrek. Herriko plazan, berriz, haurrentzako eskulan tailerrak izan dira. Festak gauean izango du jarraipena Gurea pilotalekuan.

Azkoitiko Xabier Munibe Ikastola 50. urteurren festa eguna ari da egiten gaur, larunbata. Izatez, hilaren 13an ziren eguna ospatzekoa, baina eguraldi iragarpena tarteko, astebete atzeratuta murgildu dira festan. 16:00etan hasi dituzte ekintzak ikastolako atarian eta herriko plazan.

Ikastolako atarian puzgarriak jarri dituzte, eta haurrek gogotik gozatu dute han jolasean. Herriko plazako arkupeetan, berriz, haurrentzako eskulan tailerra egin dute, eta han txapak egiten, aurpegiak margotzen nahiz marrazten aritu dira dozenaka haur.

Ekitaldi nagusia, gauean

22:00etan hasita, Gurea pilotalekuak Xabier Munibe Ikastolaren 50. urteurreneko ekitaldia jasoko du. Xabier Munibe Ikastolaren historia txikia hara! ikuskizuna eskainiko dute han, eta guztira, ikastolaren komunitateko 500 bat lagunek parte hartuko dute.

"Musikaz, dantzaz eta kolorez betetako ikuskizuna" ikusi ahal izango dute gonbidapena eskuratu duten herritarrek. Hain justu, gonbidapena duten herritarrentzako 21:15ean irekiko dituzte ateak, eta 21:45ean itxi. Ordutik aurrera, sarrerarik ez dutenei emango diete lehentasuna, baldin eta lekurik gelditzen bada.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide