Orioko hilketa matxista "irmoki" gaitzetsi dute

Andoni Elduaien 2023ko mai. 18a, 12:29
Udaletxearen aurrean egin dute elkarretaratzea. (Andoni Elduaien)

Udalak deituta, bost minutuko elkarretaratze isila egin dute herriko plazan dozenaka herritarrek eta udal ordezkarik. Indarkeria mota guztien kontra, "ahotsak altxatu eta indarrak batu" egin behar direla nabarmendu du Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak.

Orion herenegun, asteartez, jazo zen hilketa matxista "irmoki" gaitzesteko elkarretaratzea egin dute eguerdian dozenaka lagunek, herriko plazan. Azkoitiko Udalak deituta, bost minutuko kontzentrazio isila egin dute 12:00etan, biktimaren familiari eta hurbilekoei elkartasuna adierazteko. Azkoitian indarkeria matxistarik ez! zioen pankarta eskuetan zutela atera dira plazara.

Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak azaldu du "ez dagoela kontsolamendurik horrelako tragedien aurrean", eta adierazi du oraindik "lan asko" dagoela egiteko. "Indarkeria mota guztien kontra, ahotsak altxatu eta indarrak batu behar ditugu, ez Orion, ez inon, ezin duelako horrelakorik gehiago gertatu", nabarmendu du zinegotziak. Hain justu, udaletxean ordezkaritza duten alderdi guztietako zinegotziak izan dira gaurko elkarretaratzean, eta "giza eskubideen urraketa larri eta onartezin" horren aurrean, "gaitzespenik irmoena" agertu dute.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak jakinarazi zuenez, 47 urteko gizonezko batek bere bikotekide ohia hil zuen atzo arratsaldean Orion, parke baten ondoan. Gizonezkoak arma eraman zuen hitzordura, manipulatutako eskopeta bat, 50 urteko biktimari aurrez aurre egin zion tiro, eta gero bere buruari.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide