Datorren denboraldian Euskal Ligan jarraitzea bermatu du Anaitasunak

Ane Olaizola 2023ko mai. 14a, 17:19

Anaitasunako emakumezkoen talde nagusia, atzo, Txerloian. (Anaitasuna)

Anaitasunak Emakumezkoen Euskal Ligako 32. jardunaldiko partida jokatu zuen atzo Txerloian, eta taldeak 3-0 irabazi zion Goierri Gorriri. Horrenbestez, mailari eutsi dio Azkoitiko taldeak, datorren denboraldian ere Emakumezkoen Euskal Ligan lehiatuko da.

Anaitasunak Emakumezkoen Euskal Ligako 32. jardunaldiko partida jokatu zuen atzo, larunbata, etxean, eta garaipen gozoa erdietsi zuen taldeak Goierri Gorri taldearen aurka. Izan ere, gorritxoek 3-0 amaitu zuten neurketa, Juaristik, Oihanak eta Arettek sartu zuten golei esker. Anaitasunako emakumezkoen talde nagusiak maiatzaren 28an amaituko du sasoia, baina atzoko garaipenari esker, dagoeneko bermatuta du mailari eustea, eta datorren denboraldia ere Emakumezkoen Euskal Ligan lehiatuko da Azkoitiko taldea.

Gaur-gaurkoz, sailkapeneko hamargarren postuan da Azkoitiko taldea. Datorren astean, berriz, Santurtziren aurka izango du norgehiagoka, Bizkaiko taldearen etxean.

Kadeteak, kopako txapeldun

Bestalde, Ohorezko Kadete neskek beraien kategoriako kopako txapelketa eskuratu zuten zapatuan. 3 eta 1 irabazi zuten San Juan futbol zelaian Urolaren aurka. Kalare, Izaro eta Nora izan ziren gorritxoen golegileak. Bide batez, min hartuta dagoen Lierni Pirisi eskaini zioten garaipena.

Kadete mailako taldea, txapeldunaren kopa aurrean dutela. (Anaitasuna)