Egurbide errota ireki dute, herritarrek hura barrutik ikus dezaten

Ane Olaizola 2023ko mai. 14a, 16:01

Erroten eguna da gaur, eta antzinako makina horrek nola funtzionatzen duen ikusi ahal izan dute bisitariek. Herritarren interesa piztu du Aingeru Guarda ermitaren ondoan dagoen errotak.

Gipuzkoako Erroten Egunean, eta herritarrek horiek bertatik bertara ikusteko aukera izan dute gaur, igandez. Izan ere, bisita gidatuak egin dituzte inguruko hainbat errotetan, tartean Aingeru Guarda ermitaren eta Egurbide dorrearen ondoan dagoen izen bereko errotan. Guztira, hiru saio egin dituzte gaurkoan errota horretan, eta eguraldi petralari aurre eginez, hainbat herritar animatu dira haren barrunbeez zein mekanismoaz gehiago jakitera.

Dozena bat lagun elkartu dira, esaterako, 11:00etako saiora, eta Egurbide baserriko Jon Orbegozok harrera egin die errotaren kanpoaldean. Errotaren historiaz hitz egin du hark, eta jakinarazi du XVI. mendekoak direla haren aurreneko datu ofizialak. Dena den, egun Aranzadi zientzia elkartearekin harremanetan dira Egurbidekoak, beren errotaren inguruko datu historiko gehiago lortzeko asmoz.

1983 eta 1985eko uholdeen eraginez kaltetuta geratu zen errota, eta ordutik erabili gabe egon zen, harik eta orbegozotarrek 2004an berriz martxan jartzea erabaki zuten arte. Orbegozok xehe azaldu ditu errotaren nondik norakoak: haren historia, errotariek antzina erabiltzen zituzten tresnak eta funtzionamendua. Gainera, Orbegozok berak egindako maketa bati esker, herritarrek errotaren funtzionamendua hobeo ulertu ahal izan dute. Amaieran, martxan jarri dute errota, artoa nola ehotzen duen ikusteko.

Gaurko bisita gidatuak ez dira Gipuzkoako Erroten Egunean harira Azkoitian egin dituzten ekintza bakarrak izan. Izan ere, Urola Bizirik natur taldeak antolatuta, herriko erroten inguruko solasaldia izan zen asteazkenean, Elkargunean. Era berean, UKTk honako bideo erreportaje hau argitaratu zuen ostiralean, Azkoitiko eta Azpeitiko errotak gaitzat hartuta.