Arima eta Harat taldeen kontzertuak izango dira ostiralean, Matadeixen

Andoni Elduaien 2023ko mai. 17a, 08:56
Arima taldeko kideak, kontzertu batean. (Arima)

22:30ean hasiko dira bi musika taldeen kontzertuak etzi, eta emanaldiak ikusteko sarrerak 7 euro balio du. Beldurrez beste egitean lan berria aurkeztuko du Arima taldeak, eta Haratek taldearen izena daraman diskoa.

Etzi, ostirala, Arima eta Harat musika taldeen kontzertuak izango dira Matadeixen. 22:30ean hasiko dira bi taldeen emanaldiak gune horretan, eta musikazaleek 7 euro ordaindu beharko dute sarrera.

2018. urtean sortu zen Arima musika taldea, distortsioaren hariari tiraka. Paule Bilbaoren musika ekimena izan zen; izan ere, hura egun taldearen ahotsaz eta gitarraz arduratzen den kidea bakarka hasi zen hasieran; dena den, berehala sortu zuten hirukotea. Josu Gonzalez baxu jotzaileak eta Gontzal Bilbao bateria jotzaileak osatzen dute taldea.

Aurten, Beldurrez beste egitean lan berria plazaratu dute, Bonberenean grabatu eta bertako zigiluarekin argitaratua. Musikalki rock giroetan murgildu ohi da taldea, shoegaze bezalako eremuetan sakonduz. "Letragile aparta bezain iluna da Paule, nortasun berezikoa, eta giro eta iluntasun apartak idazten eta sortzen dituenak bere kantuetan", azaldu dute Matadero Ekintzak taldeko kideek.

Harat musika taldea Ibai Gogortza musikariaren proiektu berria da. Borrokan, Joseba Irazoki, Mice eta Joseba B. Lenoir taldeetan ibili ostean abiatu du hark Harat taldea. Iñigo Telletxea (baxua) eta Mattin Arbelaitz (bateria) ditu Gogortzak bidelagun. Soinu, erritmo eta hitz garratz-gozoak banatzen ditu Harat taldearen musikak. Harat diskoa Berako (Nafarroa) Atala estudioan grabatu dute Iñigo Irazokirekin gidaritzapean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide