"Altxorrei" so egiteko egunak

Ane Olaizola 2023ko mai. 10a, 09:50
Luis Juaristi eta Joxin Azkue, astelehenean, Sanagustin kulturgunean. (Ane Olaizola)

Gipuzkoako Erroten Egunaren harira, hitzaldiak eta bisita gidatuak ari dira egiten Azkoitian eta Azpeitian, "ezezaguna" den ondare hori ezagutarazteko asmoz. Gaur, 19:00etan, Yurrita Errota Sustatzeko Elkarteko kide Alex Rotetak eskainiko du herriko erroten inguruko hitzaldia, Elkargunean. 

Gipuzkoako Erroten Egunaren bueltan, hainbat saio antolatu dituzte Azkoitian eta Azpeitian datozen egunetarako. Herenegun arratsaldean hasi ziren Urola Bizirik taldeak antolatutako ekintzak, Joxin Azkue historialari eta ikerlari azpeitiarrak eskainitako solasaldiarekin. Azpeitiko erroten inguruan aritu zen hura hizketan, eta hainbat lagun elkartu ziren Sanagustin kulturgunean erroten inguruko nondik norakoak ezagutzeko asmoz, ikerlariak askotariko informazioa helarazi baitzien han elkartutako herritarrei. Besteak beste, erroten funtzionamendua azaldu zuen Azkuek, eta herrian zenbat errota edota horien aztarna dauden ere kontatu zuen hark. Historialariaren arabera, Azpeitian erroten hogei arrasto baino gehiago ikus daitezke.

Luis Juaristi Urola Bizirik taldeko kidea da astean zehar egingo duten egitasmoaren antolatzaileetako bat. Hark azaldu duenez, "Euskal Herriaren historiarekin lotutako altxorra" da errotena, besteak beste, "arbasoekin lotzen den ondarea" delako. "Ehunka urtez, baserri gehienetan egon dira makina horiek. Izan ere, errotak ikaragarrizko asmakizunak izan dira artoa eta garia ehotzeko garaian", esan du Juaristik. Horien garrantzia gizarteratzeko asmoz prestatu dituzte saioak Azkoitian zein Azpeitian.

Juaristiren arabera, duela mende batzuk ohikoa zen baserrietan errota izatea. Azkoitian zein Azpeitian ere "errota ugari" izan ziren, eta oraindik orain, aztarna "asko" daude inguru horietan. "Ibaian begira egon gara, eta txundituta geratu gara zenbat ikusi ditugun". Azpeitian, esaterako, 21 errota aztarna zenbatu berri ditu taldeak. "Asko eta asko altxorrak dira, baina penagarria da horiek zer egoeratan dauden; gaizki mantentzen dira, eta oso interesgarria izango litzateke horiek berritzea".

Errotak "ondare garrantzitsuak" izanagatik, herritarren artean "ezezagunak" direla deritzo natur taldeko kideak: "Nik neuk banekien hemen inguruan errotak bazeudela, baina begira hasi garen arte ez nintzen jabetu nolako ondarea genuen inguruan". Azkuek berak asteleheneko hitzaldian aipatu zuenez, gainera, "anekdota ugari" gordetzen dira errotei lotutako istorioen atzean. "Baserritarrek kontu oso politak kontatu dizkigute. Esaterako, sarritan gauez egiten zuten lan, guardia zibilak saihestu eta zergak-eta ez ordaintzeko".

Gaur, Azkoitiko errotak

Mendeetan, errotak ezinbesteko tresnak izan dira herritarren egunerokoan. Irina sortzeko ez ezik, aroztegi moduan ere funtzionatu izan dute, eta argia sortzeko ere erabili izan dira, Juaristik azaldu duenez: "Azpeitiko Landeta auzoan inguruko baserriei argia ekoizten zien baserri bat zegoen". Egun, errota gehienak ez daude indarrean, baina badaude salbuespenak: "Urrestillan, oraindik orain, bada errotan irina egiten duten baserri bat, eta saldu egiten dute".

Azpeitian bezala, Azkoitian ere dozenatik gora errota eta horien aztarna ageri dira hainbat txokotan, hala nola Igaraberriko, Aizpurutxoko, Andegi eta Landakaranda errotak. Astelehenean Azpeitian egin zuten moduan, gaur Azkoitian izango da udalerri horri lotutako erroten inguruko solasaldia, 19:00etan, Elkargunean, Yurrita Errota Sustatzeko Elkarteko kide Alex Rotetaren eskutik.

Azkoitiko Egurbide eta Azpeitiko Igarako errotak, berriz, erabilgarri daude egun, eta Gipuzkoako Erroten Egunaren bueltan, doako bisita gidatuak prestatu dituzte iganderako bi gune horietan. Bisitetan, herritarrek aukera izango dute erroten prozesua hasieratik amaieraraino bertatik bertara ikusteko. Azpeitiko Ekoetxearen eskutik egingo dute Loiolan dagoen Igarako errotan bisita gidatua, eta bertaratzen direnek Sistiaga Errekako uraren indarra baliatuz arto irina nola ehotzen den ikasiko dute. Ekintza horretan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute etzi baino lehen, ekoetxea.eus webgunean. Igandean, hiru bisita egingo dituzte; 10:00etatik 10:45era lehena, 11:00etatik 11:45era bigarrena, eta 12:00etatik 12:45era hirugarrena.

Azkoitian, berriz, Aingeru Guardan dagoen Egurbide errota bisitatzeko aukera izango da igandean. Bisita doan egin ahal izango da han ere, 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan. Dena den, bisita egin nahi dutenek izena eman beharko dute etzirako. Horretarako, 943-85 71 70 telefonora deitu beharko dute, edo bestela, kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora mezua idatzi. Juaristik herritar guztiei gomendatu die bisita gidaturen batera joatea, "benetan merezi" duelako. "Ikusgarria da errotetan urarekin egiten zen lana. Halako makina bat martxan jartzeko, orduko biztanleek buruari zenbat buelta ematen zizkioten eta makinarekin zer lortzen zuten ikustea zeharo harrigarria da; izan ere, duela 800 urteko makina hark ez du aldaketarik izan mendeek aurrera eginda ere", berretsi du azpeitiarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide