Lurdes Umerez: "Erretiroa hartzeko amorratzen nago, neure sormenari bide emateko"

Andoni Elduaien 2023ko eka. 18a, 09:00
Lurdes Umerez.

Afizioz eta ofizioz eskultorea da Lurdes Umerez azkoitiarra, eta ibilbide luzea du esparru horretan. Hark egina da otsailaz geroztik Trenbidearen Zumardian dagoen Julene Urzelairen bustoa. Jaioterrian duen lan bakarra da, baina dozenaka ditu hor zehar, Euskal Herrian zein kanpoan, denak ere brontzez eginak. 2023ko maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako egindako elkarrizketa da hau.

Joan den otsailean jarri zuten Julene Urzelairen bustoa Azkoitiko Trenbidearen Zumardian. Azkoitiarra jaiotzez, bere garaian zeresana eman zuen emakumea izan zen Urzelai. Eta hari eskainitako eskultura egin duena beste emakume azkoitiar bat da: Lurdes Umerez (Azkoitia, 1965). Ibilbide artistiko luzea eta oparoa du Umerezek, eta hark egindako brontzezko eskulturak Euskal Herriko zein Espainiako hamaika tokitako paisaiaren parte dira dagoeneko. Kontua galdua du berak ere, baina honezkero hor zehar 40 bat eskultura izango dituela dio. Herritar guztien bistara daude lan horiek guztiak, baina egilea bera ez da aurpegia eman zalea. Maxixatzenen elkarrizketa proposamena, ordea, dudarik egin gabe onartu du.

Nondik datorkizu eskulturarako zaletasuna?

Marraztea eta margotzea betidanik gustatu izan zaizkit, eta nigatik izan balitz, Arte Ederrak ikasiko nituzkeen, baina bizitzak beste bide batetik eraman ninduen, eta magisteritza ikasketak egin nituen Eskoriatzan (Gipuzkoa). Ikasketak bukatuta, irakasle gisa lan oso gutxi egin nuen, ordezkapenen bat edo beste besterik ez. Neure kasa marrazten eta margotzen jarduten nuen, askorik ez, baina zerbait bai, eta banekien gustuko nuela. Egiten nuen gutxiarekin, gozatu egiten nuen. Azpeitiko Arte eta Ofizioen Eskolara ere joan nintzen bolada batez. Diego Cruz genuen irakaslea, eta ikaragarri gozatzen nuen han, baina kito. Horretan nintzela, jakin nuen Azkoitiko Galda Beitia enpresan brontzezko figuratxoak egiten aritzen zirela. Egundoko jakin-mina sortu zidan horrek, eta zer zen ikustera joan nintzen. Han ikusten nuen nola etortzen ziren eskultoreak, nola ekartzen zituzten beraiek landutako iruditxoak, eta brontzearen galdaketa artistikoa egin ostean, nola sortzen zituzten brontzezko eskulturatxoak. Amona hil berri nuen, eta haren argazkiak hartu eta argizariarekin neure erara probak egiten hasi nintzen. Orduan konturatu nintzen eskulturarako erraztasuna neukala. Lanerako hartu ninduten Galda Beitian, eta urtebetez-edo aritu nintzen han. 24 bat urte izango nituen orduan.

Beraz, ustekabean jabetu zinen eskulturarako zeneukan gaitasunaz...

Erabat. Sekula ez nukeen pentsatuko eskulturak egitetik biziko nintzenik.

Ez eskulturak egitetik, ezta beste arte diziplinaren bat garatzetik ere?

Inolaz ere ez. Zorionez, garaiak asko aldatu dira, baina orduan artea ez zen emakume batentzat bizimodutzat ikusten, eta are gutxiago eskultura. Eta ez pentsa neuk ere intentzio handirik jartzen nuenik. Magisteritzako ikasketetan, bagenuen eskulanen irakasgai bat. Bada, ikusi egin behar ziren harako egiten nituen lanak; alfer hutsa nintzen. Harrezkero noiz edo noiz topo egin izan dut eskulanetako irakaslea izan nuenarekin, eta gerora egin dudan ibilbidea ikusita, akabatuko nindukeela esan izan dit [barreak].

Galda Beitian eman zenituen lehen pausoak. Nola jarraitu zenuen gero?

Galda Beitia pikutara joan zen, eta Debako Arte Eskolara joaten hasi nintzen. Han, aritzen ziren irakasle batzuk, baina gehiago joaten nintzen lekuagatik. Gidatu egiten gintuzten, baina modelatzen-eta ez ziguten irakasten. Nolabait esateko, modelatzea da marraztea, baina alde guztietatik. Debako Arte Eskolan bazegoen brontzearen galdaketa artistikoa egin ahal izateko gune bat, eta aurrez Galda Beitian horretan lanean jardundakoa nintzenez, hantxe aritzen nintzen neure erara gauzatxoak egiten. Argazkiak izaten nituen oinarri, eta esperimentuak eginez ikasi dut dakidan guztia; erabat autodidakta naiz.

Gaur egun Eibarko Alfa Arten aritzen zara. Nola sortu zitzaizun aukera?

Pare bat lantxo eginak banituen ordurako, eta beraiekin hasi nahi al nuen galdetu zidaten. Hasiera batean, lan puntualetarako deitzen zidaten. Adibidez, udal batek eskultura jakin bat eskatzen bazien, huraxe egitera joan nintzen, eta kito. Geroz eta sarriago deitzen hasi zitzaizkidan, eta azkenean, lanaldi osorako kontratua egin zidaten. Urte asko igaro dira ordutik; Alfa Arterekin lehenengo lanak egin nituenean 35 bat urte izango nituen, eta 57 dauzkat orain.

Zehazki, zertan aritzen zara Alfa Arten?

Etxeko eskultorea naiz, eta bi eratako lanak egiten ditut: alde batetik, neuk sortzen ditut eskulturak; eta bestetik, beste artistentzat lanak egiten ditut, kolaborazioak. Alfa Arten egiten dugu garai batean Galda Beitian egiten genuena, baina eskala handian. Brontzearen, aluminioaren edo altzairuaren galdaketa artistikoa egiten dugu. Eskultoreek beraiek sortutako lanak ekartzen dizkigute, eta irudi horiek nahi duten materialarekin eta nahi duten neurrian egiten ditugu guk.

Zer da brontzearen galdaketa artistikoa?

Nolabait esatearren, eskultura bat maketa bat izatetik brontzezko eskultura izan arteko prozesua da. Aurrena, irudia argizariz egin behar izaten da. Eskultoreak berak ekar dezake argizariz eginda, baina zaila izaten da, eta normalean beste material batzuetan ekartzen digute: egurrean, buztinean... Lehenengo, irudiaren silikonazko moldea ateratzen dugu, horren ostean irudia argizariz egin ahal izateko. Eta gero, kroketa bat egitearen antzeko prozesua hasten da. Argizarizko irudi hori estaldura zeramikoa egiteko bidoi batean sartzen dugu, eta ondoren, area moduko batean, dena estaltzeko. Jarraian, sekatzen uzten dugu, eta geruza hori erabat lehortzen denean, berriz prozesu bera egiten dugu. Eskulturaren tamainaren arabera, prozesua gehiagotan edo gutxiagotan errepikatu behar izaten dugu; adibidez, tamaina handiko eskultura bada, hamabi aldiz ere egin behar izaten dugu. Erabat sekatzen denean, oskol gogor bat geratzen zaio. Dena labe batean sartzen da gero, eta barruko argizaria urtzen denean, oskolaren barrualdea erabat hutsa geratzen da. Orduan, zuloa urtutako brontzearekin betetzen dugu. Behin brontzea gogortzen denean, kanpoaldeko oskola kentzen diogu, eta brontzezko irudia gelditzen zaigu. Horrela eginez gero, eskultura trinkoa edo mazizoa geratuko litzateke, baina eskulturek ezin dute trinkoak izan; hortaz, beste prozesu bat garatzen dugu geruza moduko bat eraikitzeko. Baina, beno, gutxi gorabehera azalduta, hori litzateke prozesua.

Zeintzuk izan ziren egin zenituen lehen lanak?

Mutrikun (Gipuzkoa) jartzeko gizonezko baten busto bat izan zen aurrena. Ezagun baten bidez iritsi zitzaidan proposamena. Egingo al nuen galdetu zidaten, eta zentzu horretan beti izan naizenez ausart samarra, baiezkoa eman nien. Sekulako erronka izan zen. Handik urte batzuetara, Arrasateko (Gipuzkoa) Eroski parean dagoen astoa egiteko proposamena egin zidaten, eta nik, berriz ere, baietz. Benetako asto baten tamaina du, eta hura ere erronka izan zen. Hori eta gero deitu zidaten Alfa Artekoek.

Orain arte enkarguz egindako lanak aipatu dituzu. Inspirazioz egindakorik ba al daukazu?

Deigarria eman dezake, baina orain arte enkarguz bakarrik egin izan dut lan, ez baitut astirik neure sormenari bide emateko. Eta horrexen pena daukat, neuretzako denborarik ez izatearena. Enkarguz aritzeak baditu bere zailtasunak; izan ere, epe batzuen barruan eta aurrekontu zehatz batekin jardun behar izaten dut, eta horrek estres handia sortzen du. Azken finean, Alfa Arte lantegi industrial bat da, sorkuntza artistikora bideratutakoa, baina lantegi bat, eta beste artistentzat egin beharreko lanak eta neureak sortzeko alderdi artistikoa uztartzea ez da izaten batera erraza. Gainera, neure buruarekin oso zorrotza naiz, lanak ondo egitea gustatzen zait, eta askotan, ez dira lan errazak izaten. Pertsonaia zehatzen eskulturek, antza eduki behar dutenek, lanketa handia izaten dute. Berez nire lanorduen barruan errenditu beharko nuke beste artisten lanak zein neure propioak egiteko, baina asteburuetan orduak sartzen aritzea behin baino gehiagotan egokitu izan zait.

"Urzelairen bustoa egiten aritu nintzenean, normalean baino urduriago ibili nintzen"

Sekula ez duzu lanik egin zeure inspirazioz?

Zerbait bai, baina fundamentuzko ezer ez, ez baitaukat astirik. Adibidez, badaukat eskultura bat Ganoderma izena jarri niona. Asko gustatzen zait mendialdera ibiltzera joatea, eta atentzioa ematen zidaten ganodermek. Ganodermak dira zuhaitz zaharretan egoten diren parasito batzuk, zuhaitzek izaten dituzten irten batzuk. Haietako batzuk hartu eta haien moldea atera nuen argizariz, eta gero, argizaria mugituz, emakume picassiano moduko bat sortu nuen, xelebrekeria bat.

Horrelako lan gehiago egitea gustatuko litzaizuke?

Bai, noski; erretiroa hartzeko amorratzen nago nire sormenari bide emateko eta horrelako lanetan murgildu ahal izateko. Oraintxe bertan, ordea, horrenbeste lan daukat... Ezinezkoa zait. Espainian-eta badaude gurea moduko beste lantoki batzuk, eta kanpoan ere bai, baina gugana eskultore askok jotzen dute, bertakoek zein atzerritarrek. [Miquel] Barcelo bera ere etorri izan da; jende entzutetsu asko.

Trenbidearen Zumardian dagoen Julene Urzelairen bustoaren inaugurazio ekitaldia, otsailean. (Andoni Elduaien)

Alfa Arten egin duzuen eskulturaren bat nabarmentzerik bai?

Esate baterako, Donostiako Santa Klara uhartean jarri zuten Cristina Iglesiasen Hondalea eskultura. Bi urtean jardun genuen harekin buru-belarri. Sekulako dimentsioak ditu eta izugarrizko lana izan zen goitik behera eraikitzea, eromena.

Zeure izenean egindako lanak ere dozenaka dituzu...

Bai, honezkero 40 bat eskultura izango ditut han eta hemen. Euskal Herrian batzuk bai, Espainiako hiri askotan, Portugalen ere bai...

"Orain arte enkarguz bakarrik lan egin izan dut, ez baitut astirik beste ezertarako"

Zein duzu zure lanetan kuttunena?

Donostiako Aquariumaren parean dagoen Vicente Zaraguetaren eskultura maitea dut, agian leku ederrean dagoelako ere izango da hori, nahiz eta dagoeneko berde-berde eginda dagoen. Eta beste batzuk ere bai: Bilboko Eduardo Victoria Lezea pasealekuan dagoen Giuseppe Verdiren eskultura; Kanaria Handiko Las Palmasko hilerrian dagoen Alfredo Krausena; Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregiko patioan dagoen Elbira Zipritiarena; eta, nola ez, Azkoitiko Trenbidearen Zumardian dagoen Julene Urzelairen bustoa ere bai. Azkoitian daukadan lan bakarra da, eta horregatik bakarrik maitasun berezia diot.

Nola iritsi zitzaizun Julene Urzelairen bustoa egiteko eskaria?

Juan Bautista Mendizabalek deitu zidan egingo al nuen galdezka, eta ilusio handia egin zidan. Urte asko daramatzat Eskoriatzan bizitzen, baina sekula ez diot utzi azkoitiarra sentitzeari; han ditut nire sustraiak. Eskultura asko egin ditut eta leku askotan daude nire lanak, baina aitortu behar dut Julene Urzelairen bustoa egiten jardun nintzenean urduritasun puntu berezi bat sentitu nuela, ziurrenik nire herrian jartzeko zelako. Zer moduzko kritikak iritsi zaizkizu? Onak bakarrik, jendeari gustatu zaiola ematen du, baina agian izango da gustatu ez zaienak ez direlako ausartu nigana etortzera.

Umerez Vicente Zaraguetaren brontzezko eskultura lantzen, Eibarko Alfa Arte lantegian. (Lopez de Zubiria)

Egiten dizkizuten eskariak oso zehatzak izaten al dira ala lagatzen dizute sormenerako tarterik?

Normalean esaten didate pertsonaia zehatzen bat omentzeko eskultura bat nahi dutela, eta nahi izaten dute eskulturak pertsonaiaren antza izatea, errealismo puntu bat izatea. Hala ere, ez dakit errealismoa den hitzik egokiena; izan ere, nik uste, eskultura errealistak baino gehiago, idealizatutako eskulturak egiten ditudala. Eskulturak pertsonaiaren antza izan behar du, bai, baina ez da izaten bakarrik antza izatea; irudiak transmititu behar ditu pertsonaia horren beste alderdi batzuk ere. Pertsonaia bat bizitza oso bat da, jaiotzen denetik hiltzen denera arte, eta dena hartu behar da kontuan. Hori guztia irudikatu behar du eskulturak, osotasun bat izan behar du. Horrek dokumentazio eta prestaketa lan handia eskatzen du: argazkiak inguratzen ditut, pertsonaiari buruzko informazio asko irakurtzen dut, ezagutzen zuen jendearekin hitz egiten dut... Eta behin pertsonaia nire eginda daukadanean, hori guztia islatuko duen irudia eraikitzen dut. Adibidez, Elbira Zipitriaren eskultura egin behar badut, nire Elbira Zipitriarena egiten dut. Egia esan, asko gustatzen zaizkit prestaketa lan horiek ere; txarrena izaten da erlojuaren kontra jarduten dudala beti.

"Eskultura errealistak baino gehiago, idealizatutako eskulturak egiten ditut"

Sekula ez al duzu beste artistentzako lan egiteari uzteko tentaziorik izan?

Artista independentea izatea oso zaila da, eta ni bezala jarduteak baditu alde onak ere; zorteduna naiz gustatzen zaidana eginez bizi naizelako. Egia da beti izan dudala pena pittin bat ez naizelako artista askea izan, baina damurik ez dut. Alfa Artekoek deitu zidatenean ezetz esan izan banie, agian beste ibilbide artistiko bat egiteko aukera izango nukeen; baina litekeena da artea albo batera utzi eta beste zerbaitetan lanean hasi behar izatea ere. Bizitzan zehar hartzen joaten garen erabakiek bide bat egitera eramaten gaituzte, eta ni, momentuz, nagoen lekuan nago, bere alde onekin eta txarrekin. Hori bai, erretiroa hartzeko sekulako gogoa daukat neuk nahi dudana egiten hasteko, eta eskatzen dudan bakarra da etapa horretara osasunez ondo iristea. Izan ere, psikologikoki ez ezik, fisikoki ere oso lan nekagarria da nirea. Material asko mugitu behar izaten dut, mugimendu zakarrak egin, indarra erabili, postura deseroso eta txarretan jardun...

Zer ematen dizu eskulturak egiteak?

Gustura jarduten dut eskulturak egiten eta asko betetzen nau, baina ez dira gauza bera afizioz aritzea eta ofizioz egitea. Dena dela, eskulturak egiteak betetzen nauen moduan, marrazteak eta margotzeak ere betetzen naute. Iruditzen zait arte adierazpide horiek guztiek lotura handia dutela elkarren artean, oinarri bera dutela, edo nire buruan behintzat oso antzerako ikusten ditut.

Ba al duzu eskultoreren bat eredutzat?

Barcelo pila bat gustatzen zait. Askatasun handia daukala iruditzen zait eta oso benetakoa dela, bere eskulturak barruan daukanaren isla direla. Migel Angel, Bernini eta horiek ere ikaragarri gustatzen zaizkit, eskultore greziarrak eta egiptoarrak ere bai, baita modernoak ere. Artea osotasunean eta bere adierazpide guztietan gustatzen zait, eta asko jarraitzen dut.

Arteari lotutako beste lan batzuetan ere ibili izan zara; esate baterako, pintura lehiaketetan epaimahaikide gisa. Gustuko lanak al dituzu horiek?

Batere ez. Zenbaitetan, konpromisoz, baietz esan izan dut, baina, egia esateko, sufritu egiten dut. Ez naiz arte lehiaketen zalea, eta gogorra egiten zait besteen lana balioestea, batzuei lagundu diezaiekezun bezala, beste batzuei egundoko kaltea egin diezaiekezulako; hain zabala da artea...

Uneotan, ba al daukazu eskulturaren bat esku artean?

Bai; Athleticek eta Bilboko Udalak eskatuta, Jose Angel Iribarren brontzezko irudia lantzen ari naiz, Bilboko San Mames futbol zelaiaren kanpoaldean jartzeko. Athleticeko atezain mitikoak 80 urte bete ditu aurten, eta urtea bukatzerako prest izango dut hari eskainitako eskultura.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide