Etxeza, behartutako birmoldaketa baten fruitu iraunkorra

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 12a, 14:47

Xabier Artetxe, Mirari Artetxe eta Javier Artetxe. (Mailo Oiarzabal)

Isasaga dorreko tabernaren historia ezin da ulertu Artetxe familiari baserri ondoan eraiki zioten altzairu fabrikaren historiatik aparte. Bigarrenak ekarri zuen, halabeharrez, lehendabizikoa, eta elkar elikatu dute urte luzez. Zazpigarren hamarkadara bidean da ostatua. Artetxetarren hiru belaunaldi igaro dira dagoeneko Etxezako barraren atzetik, eta zientoka bezero, bestaldetik.

Azkoitian ez dira gutxi mendeen joanaren eta historiaren lekuko izan eta zutik eta dotore dirauten erakinak. Horietako bat da Isasaga dorrea. Zumarragatik herrira datorren errepidearen ia kontra eta gaur egun Sidenorrena den altzairu fabrikaren sarreraren ondoan dago XVI. mendeko jauretxe dotorea. Juan Egino Carlos V.a enperadorearen kontulariak eta Jordana Isasagakoak eraikiarazi zuten etxea izan zen, halaber, Peñafloridako konde tituluaren jatorria.

Antzinako jauntxoen historia eta istorioak aspaldi utzi zituen atzean Isasaga dorreak, baina bizi-bizirik iraun du Artetxe familiaren eskutik; eta azken 66 bat urteetan, Etxeza tabernarekin. Gaur arte, artetxetarren hiru belaunaldik eutsi diote Etxezari. "Uste dut gure abizenak 200 urte dituela hemen. Bizkaitik etorritakoa da", kontatu du Javier Artetxek (Azkoitia, 1949). Bere gurasoek, Ignacio Artetxe Alkorta Exkerrak eta Marcelina Alberdi Elorza Martxelek, ireki zuten taberna. Javierren arreba Mirari Artetxek (Azkoitia, 1959) dioen bezala, behartutako "birmoldaketa" dago Etxezaren sorreran. Joan den mendearen erdi aldean, Acerías y Forjas lantegia eraiki zuten artetxetarren baserriaren lurretan. Umea zen Javier, baina biziki gogoan du aitaren mina: "Nik 6 urte izango nituen artean, baina oraindik akordatzen naiz, lurrak kendu zizkiotenean zer aurpegi ipini zuen. Soroak eta behiak ziren dena hemen. Aitarentzat egundoko galera izan zen baserriko lurrik gabe gelditzea; baserrira ohituta zegoen hura, hondamendia izan zen harentzat. Tabernazalea ere ez zen, baina ipini egin behar zeozer...".

Acerías y Forjas lantegia eraikitzen ari zireneko argazki hau gordeta dute Etxezakoek. 1956koa da irudia. (Utzitakoa)

Etxeko bigarren solairuan, erakinak atzean zuen zubitik sarrera zuen baserriko mandioan, ireki zuten taberna. "Sei bat urte" egon zen han, gaur egun Etxezak hartzen duen beheko solairura aldatu aurretik. Mirari ez da akordatzen mandioko hasierako taberna hartaz, baina Javierrek gogoan du han ospatu zutela arrebaren bataioa: "Anaia zaharrena zen honen aitapontekoa, eta hark bere kuadrilla ekarri zuen bataiora". Kuadrilla hartako kideak Etxezako bezero dira orain ere. Hala dio Mirarik: "'Hemen, gure umea', aditzen dut oraindik ere. 'Zuen umeak 63 urte, zeuek pentsatu zer moduz zoazten', erantzuten diet".

Langileen taberna

Azkoitian Zubillaga izenez ezagutu izan dute belaunaldi batek baino gehiagok Etxezakoen lurretan altxatu zuten lantegia. Izan ere, "Oñatitik etorri zen enpresa, hango Zubillaga auzotik", Mirarik gogora ekarri duenez, eta hortik dator azkoitiarrek fabrikari jarritako izena. "Horren kontura anekdota ederrak" badirela gogoratu du Javierrek, eta lantegiaz galdezka hango langile batengana jo zuen kamioilariarena kontatu du: "Acerías y Forjas non zegoen galdetu zion nonbait kamioilariak langileari, eta halakorik ez zuela ezagutzen erantzun langileak. Gero, kamioilariak langile hura hemen topatu zuenean, kontu eske hasi zitzaion, ea lehen zer esan zion. 'Para mí, esto es Zubillaga', erantzun zion langileak".

Javier Artetxe, Etxezako barran lanean. Barraren bestaldean, tabernako betiko bezeroetako batzuk. (Utzitakoa)

Sorrera ez ezik, Etxeza tabernaren bilakaera ere estu lotuta egon da ondoan duen altzairutegiarekin. Hango langileak izan dira urte luzez tabernako bezero gehienak. Javierrek azaldu duenez, hasieran baserritarrak ziren langile "ia denak", baina haietako asko Azpeitiko Marcial Ucinera joan ziren. "Kanpoko ehunka langile etorri ziren fabrikan lan egitera, eta hasieran barrakoiak jarri zituzten hemen haientzat. Toki askotatik etorritakoak ibili ziren fabrikan lanean, baina Extremadurakoak ziren asko. Denetarik egongo zen, baina guretzat jende ona, tabernarako bezero onak". Horietako batzuk Etxezan apopilo hartzen zituzten, "barrakoietan bizi eta tabernan bezero ibiltzen zirenak, amari itxurazkoak iruditzen zitzaizkionak", Javierren esanetan.

800 langile izatera iritsi zen altzairu fabrika, eta tabernan aspertzeko betarik ez zuten izaten. "Garai batean, ardoa zahagietan ekartzen genuen. Astero zortzi zahagikada saltzen ziren, bakoitzak ehun litro edukitzen zituen: 800 litro. Barrikako ardoa ere ibiltzen genuen, korrienteagoa, eta halako beste hiru edo lau joaten ziren astean. Garrafoietan ardoa hartuta sartzen ziren hara barrura lanera, e, laminazioan ibiltzen zirenak eta. Ikusi egin behar zen lan hura", gogoratu du Javierrek. 16 urterekin hasi zen tabernan lanean, eta azkenean berak hartu zuen gurasoen lekukoa Etxezan. "74 dauzkat, eta beti hemen egin izan dut lan. Anaia zaharragoak lantegiko bulegoetan sartu ziren lanean, baina ni beti hemen. Juan Esteban anaia ere ibili zen hemen lanean, baina hark ere alde egin zuen eta neu bakarrik gelditu nintzen".

"Gaur egun, 320 ibiliko dira", dio Javierrek altzairutegiko behargin kopuruaz. Enpresak hainbat gorabehera izan ditu sei hamarkada pasatan, baina hor dirau; eta hor iraungo du, Javierren esanetan: "Bolada batean, gaueko hamarretan irteten ziren lanetik, eta atzera hamaiketan sartzen ziren, ordubiak arte. Hemen afaltzen zuten orduan, 40 bat lagunek. Nik aditzera, lantegi hau sekula ez da ondo ibili, baina beti martxan. Orain lanean dabiltzan gazteak ere etortzen dira gurera. 'Laster itxiko da', antzuten diet, eta 'hau ez duk sekula itxiko', esaten diet nik. 'Hainbeste urte zeramatzaat hemen eta, beti igoala entzuten ari nauk'. Askori esaten diet hori".

Etxezan etxeko

"Orain ere etortzen dira horko langileak gurera, baina baita errepidez bestaldeko industrialdekoak ere. Ni hasi nintzenetik gazteak ere etortzen dira. Profetik [Izarraitz Lanbide Heziketa institutua] egunero etortzen dira batzuk. Hango taberna itxi zen, eta handik etortzen dira ikasleak hamaiketan, pintxoa jatera", dio Xabi Artetxek (Azkoitia, 1987). Hamabi bat urte dira Javierren semea Etxezan hasi zela, berak hartu du aitaren lekukoa tabernan.

Isasaga dorrea. (Mailo Oiarzabal)

Aspaldi utzi zioten Etxezan otorduak emateari, baina pintxoak eta ogitartekoak saltzen dituzte, eta sona dute horiek, gainera. "Ni ez naiz sukaldaria" dioen arren, Mirarirena da gaur egun sukaldearen ardura. 20 bat urte zituela hasi zen etxeko tabernan lanean, eta amarekin eta Arantxa Soraluze koinatarekin ikasitakoak baliatu ditu. "Zerbitzariak errazago alda daitezke, baina sukaldaria...", dio Xabik, Mirariren lana nabarmenduz. "Ez dugu gauza konplikaturik egiten, albondigak eta gisatua. Gauza normalak, konplikatzeke", dio Mirarik. Gazteen artean "arrautza boladan" dagoela gaineratu du Xabik.

Inguruko lantegietakoak ez ezik, gremioetakoak ere bezero dituzte: "Iturginak, pintoreak, arotzak, igeltseroak... denetarik topa dezakezu hemen. Langile jendea eta ikasleak dira bezero gehienak". Etxezara "jende jatorra" joaten dela dio Mirarik, eta bat datoz Javier eta Xabi. Asko taberna ezin topatuta ibili ohi direla diote. "Jakin egin behar" Etxeza hor dagoela, eta batek baino gehiagok esan izan diete ez zekitela hor taberna zegoenik. "Propagandarik ez dugu egiten eta", dio Javierrek, eta ostatua dagoela adierazteko "txaparik sekula ez" dutela ipini gaineratu du. "Betiko bezeroak" badaki, ordea, Etxeza hor dagoela, eta ahoz ahokoaren indarra ere ez da txikia. Bezero guztiekin eskertuta hitz egin dute artetxetarrek, baina bereziki betiko horiekin, "bizi osoko" bezeroekin, "egunero-egunero goiz eta arratsalde" joaten zaizkienekin akordatu da Xabi. "Txikitan jolasean ibiltzen nintzenetik ezagutzen ditudanak neure bezero dira oraindik ere. Lagunak dira, azkenean".

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide