Anaitasunaren emakumeen taldeak galdu egin du Añorgan

Andoni Elduaien 2023ko mai. 8a, 09:02

Anaitasunako bi jokalari, baloia berreskuratzeko lanean. (Anaitasuna)

Emakumeen lehen taldeak 2 eta 0 galdu zuen atzo Añorgako Rezola zelaian. Emakumeen taldeak ziurtatuta du mailari eustea. Ohorezko jubenil mutilek, bestalde, larunbatean itxi zuten multzoko lider postua. Hilaren 27an beste multzoko liderraren aurka jokatuko du finala Euskal Ligara nor igoko den erabakitzeko.

Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak galdu egin zuen atzo, igandea, Añorgan; gorritxoek 2 eta 0 galdu zuten Rezola zelaian. Lehen zatiaren erdialdean egin zuten etxekoek lehen gola, eta bigarrena hasi eta segituan bigarrena.

Aukera gutxi sortu zituzten hasieran bi taldeek, baina etxekoek geldikako jokaldi bat baliatu zuten aurretik jartzeko. Hain justu, 23. minutuko alboko sake arriskutsu batean egin zuen Añorgak atzo lehen gola. Oro har, añorgarrek zail jarri zizkieten gauzak azkoitiarrei lehen zatian.

Bigarren zatiari ekin eta berehala egin zuten etxekoek partidako bigarrena; 54. minutuan iritsi zen bi eta hutsekoa. Azken ordu erdian maila ona erakutsi zuen taldeak, eta aukera bat baino gehiago egin zituzten markagailuko aldea murriztu eta partidara sartzeko, baina gorritxoek ez zuten asmatu ate aurrean. Lan handia egin zuten Anaitasunaren emakumeek egoera iraultzeko, baina atzo ez ziren gauza izan.

Sailkapeneko hamahirugarrena da Anaitasuna, 38 punturekin. Dena den, Mikel Barquerok zuzentzen duen taldeak ziurtatuta du datorren urtean ere Emakumeen Euskal Ligan jarraitzea. Datorren larunbatean, 16:30ean, Anaitasunak Goierri Gorri taldearekin neurtuko ditu indarrak, Txerloia zelaian.

Jubenilak, txapeldun

Bestalde, Xuban Epeldek zuzentzen duen Ohorezko Jubenil mailako taldea multzoko txapeldun bilakatu zen herenegun. Maiatzaren 27an jokatuko dute finala beste multzoko liderraren aurka, eta partida haren arabera lortuko dute Euskal Ligara igotzea.

Jubenilak, Txerloian, multzoko lehen postua ziurtatu zutenean. (Anaitasuna)

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide