Eguraldi tristearekin baina giro alaian ospatu dute Kakuetako Eguna

Ihintza Elustondo 2023ko mai. 7a, 14:15

Kakueta mendiaren eguna ospatu dute gaur, maiatzeko lehen igandeko ohiturari eutsiz. Anaitasuna mendi bazkunak antolatuta egin dituzte aurten ere ekintzak  gailurrean bertan eta haren azpiko txabolan.

Maiatzeko lehen igandeko ohiturari eutsiz, Kakueta mendiaren eguna ospatu dute gaur Azkoitian. Anaitasuna mendi bazkunak antolatuta egin dituzte aurten ere ekintzak Kakueta mendian bertan eta haren azpiko txabolan. Eguraldi tristea eginagatik, giro alaian elkartu dira hainbat lagun gailurraren bueltan.

Azkoitiko mendi taldearen Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruan, gainera, herrigunea eta tontorra lotzeko irteera egin dute, Balda plazatik 08:30ean abiatuta. Azkoitiko herri ingurua ezagutzeko eta lagun giroan mendi irteerak egiteko asmoz jarri zuen abian Azkoitiko mendi taldeak egitasmoa, eta hileko azken larunbatetan egin izan dituzte orain arte irteerak. Hain justu, egitasmoaren barruko azken mendi irteera izan da gaur Kakueta mendira egin dutena.

Kakuetako Egunak ohiko esentzia izan du aurten ere. Anaitasuna mendi bazkunako kideek hamaiketakoa eskaini diete Kakueta azpiko txabolara bertaratu diren herritar guztiei, hala nola salda eta pintxoak. Era berean, musikarik ere ez da falta izan; izan ere, herriko trikitilariek girotu dute eguerdi partea.

(Argazkiak: Anaitasuna mendi bazkuna)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide