Borja Zubizarretak irabazi du Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa

Ihintza Elustondo 2023ko mai. 6a, 18:53

Borja Zubizarreta helmugan sartu den unea. (Ihintza Elustondo)

Sorpresa eman du Zubizarretak; izan ere, Aritz Egea iazko txapelduna joan da lasterketaren buruan ia proba osoan. Dena den, proba bertan behera uztea erabaki du Egeak, eta azkoitiarrak ez du aukera alferrik galdu. Aise irabazi du proba, 05:53:33 denbora eginda eta bigarren sailkatuari ia ordu erdiko aldea aterata.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren bigarren edizioa jokatu dute gaur Azpeitian, eta Borja Zubizarreta azkoitiarrak sekulako erakustaldia eman du. Aise irabazi du proba, bigarren sailkatuari ia ordu erdiko aldea aterata. Guztira, 500 korrikalari baino gehiagok parte hartu dute lasterketan, eta 08:00etan Azpeitiko plazatik abiatuta, 65 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute Azpeitia, Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama artean. Gizonetan, aurrena izan da azkoitiarra, 05:53:33 denbora eginda.

Sorpresa eman du Zubizarretak; izan ere, Aritz Egea iazko txapelduna joan da lasterketaren buruan ia proba osoan. Dena den, Loiola aldean kalanbreak sentitzen hasi da Egea, eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriren inguruan lasterketarekin ez jarraitzea erabaki du –ondoren sare sozialetan jakinarazi du bero kolpea izan duela eta anbulantzian artatu behar izan dutela, baina ondo dagoela–. Zubizarretak ez du aukera alferrik galdu, eta ez du inolako arazorik izan amaieraraino lehen postuari eusteko; aise lortu du helburua, gainera. 05:53:33 denboran amaitu du proba, eta haren ondorengoak, Ibarrako (Gipuzkoa) Goar Lopetegik, 06:21:16 denbora behar izan du lasterketa amaitzeko. Gainera, iazko edizioan Egeak berak jarritako marka hobetu du Zubizarretak; hark 06:00:33 denbora behar izan zuen iaz ultra traila amaitzeko, eta, beraz, ia zazpi minutuz hobetu du haren marka.

Erdietsitako lorpenak eskatzen zuen moduan, Erdikalea txalo zaparrada artean gurutzatu ostean helmugaratu da azkoitiarra Azpeitiko plazan, eta lagunen eta senideen babesa eskertu du helmugako txintxarria astindu ostean. Gizonetan, Teruelgo (Espainia) Marcos Ramosek osatu du podiuma, 06:29:55 denborarekin. Emakumeetan, berriz, Oihana Azkorbebeitia sailkatu da aurrena.

Uztarriaren webgunean ikus daiteke lasterketaren argazki bilduma osorik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide