Urrezko LEB Ligan jarraitzeko beste urrats bat egin nahi du gaur Juaristi ISBk

Andoni Elduaien 2023ko mai. 5a, 13:33
Juaristi ISBko jokalari bat, saskia birrintzen. (Mikel 'Otola')

Gaur, ostirala, 21:15ean jokatuko du Juaristi ISBk Club Ourense Baloncestoren aurka. Denboraldia amaitzeko hiru partida besterik ez dira gelditzen, eta partida bakar batera ditu ISBk Alimerka Oviedo Baloncesto eta Caceres Patrimonio de la Humanidad taldeak.

Azken txanpan murgildu da Urrezko LEB Liga; hiru partida besterik ez dira gelditzen jokatzeko. Juaristi ISBk maila horretako partaidea izaten jarraitu nahi du datorren denboraldian ere, baina horretarako garaipenaren bidera itzuli beharko du. Gaur, ostirala, Club Ourense Baloncestoren aurka jokatuko du Azpeitiko kiroldegian, 21:15ean hasita.

Inolaz ere, estu daude kontuak sailkapenaren beheko aldean. Egun, Juaristi ISB jaitsiera postuetan dago zortzi garaipenekin; aldiz, garaipen bat gehiago dute Alimerka Oviedo Baloncesto eta Caceres Patrimonio de la Humanidad taldeek. Dena den, ISBk alde ditu bi talde horien aurka jokatutako bi lehietako puntuak kontuan hartzen dituen averagea. Hori horrela, denboraldia talde horietako baten garaipen kopuru berdinarekin amaitzen baldin badu ISBk, mailari eutsi ahal izango dio Azkoiti-Azpeitiko taldeak.

Juaristi ISBk bere lanak zuzen egin beharko ditu gaur Ourenseren aurka, eta ondoren, Alimerka Oviedo Baloncesto eta Caceres Patrimonio de la Humanidad taldeen emaitzen zain egon beharko du. Hain justu, Caceresko (Espainia) taldeak Leyma Coruñaren aurka jokatuko du etxean; Alimerka Oviedo Baloncestok, berriz, Guuk Gipuzkoa Basketekin neurtuko ditu indarrak igandean, Donostian.

Klubaren deia zaleei

Etxeko azken partidetan bezala, bazkideek beraien txartelarekin beste lagun bat gonbidatu ahal izango dute Ourenseren aurkako norgehiagokara. Gainera, ISBk gaur gaueko partidarako deia egin die zaleei. "Gaur da eguna; gaur da egutegian markatuta dagoen eguna. Gaur da klubeko haur guztiak ISBko arropekin kantxan behar ditugun eguna. Gaur da aurkezpeneko iluntasunean telefonoaren argia prest izan behar den eguna", azaldu dute sare sozialetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide