Mendi lasterketan irteteko bultzada

Nerea Uranga 2023ko mai. 5a, 10:18
Emakumeen entrenamendu saio bateko parte hartzaileak. (Alberto Beloki/Domusa Teknik)

Bihar jokatuko den Domusa Teknik 40 MLK probaren antolatzaileek, emakumeen parte hartzea sustatzeko, bost entrenamendu saio egin dituzte. Korrikalariek saioen antolaketa goraipatu dute; Mari Karmen Seijas azkoitiarra da horietako bat.

Emakumeen parte hartzean arreta berezia jarri dute aurten Domusa Teknik 40 MLK probaren antolatzaileek, Lagun Onak mendi bazkunak eta Domusa Teknikek. «Aurten ere egin dugu saiakera emakumeen parte hartzea sustatzeko. Horretarako, hainbat irteera antolatu ditugu emakumeei zuzenduta eta emakume korrikalari ezagunek gidatuta», azaldu du Iker Ezama mendizale elkarteko kideak. Bihar jokatuko den proban parte hartuko duten 550 korrikalarietatik %10 izango dira emakumeak.
 
Mendi lasterketan emakumeen parte hartzea sustatzeko, iazko azarotik emakumeei zuzendutako bost entrenamendu egin dituzte; horietako lautan gidari izan dituzte Malen Osa,Sara Alonso, Oihana Kortazar eta Leire Martinez korrikalariak.

Entrenamendu saioetan parte hartu eta biharko proban irtengo duten kirolari batzuekin hitz egin du HITZAk.

Mari Karmen Seijas (Azkoitia, 1980): "Antolaketa bikaina izan da emakumeentzako entrenamendu saioetan"

"Domusa Teknik 40 MLK izango da egingo dudan aurreneko proba luzea. Agian ez dut bukatuko, baina saiatu egingo naiz. Probarako oso lasai nago, entrenamendu gisa hartzea pentsatzen dudalako. Ibilbidea ezagutzeko bi entrenamendu saiotan egin dudan denbora kontuan hartuta, gai ikusten naiz proba bukatzeko. Izan ere, tartea ikusten dut gaizki banoa atseden hartzeko; beste kontu bat izango da kalanbreak-eta hasten bazaizkit... Proba bukatzea bakarrik izugarria izango da niretzat.

Probaren sustatzaileek antolatutako entrenamendu bat ez beste guztiak egin ditut: bai emakumeei zuzendutakoak, bai ibilbidearen bi zatienak.

Izugarri onak izan dira probaren sustatzaileek antolatutako entrenamenduak, anoa guneekin-eta guzti prestatu dituztelako. Antolaketa oso-oso ona izan da entrenamendu saioetan; talde bat pixka bat atzerago gelditzen bazen, antolatzaileren bat gelditzen zen haiei laguntzeko...

Horrelako taldeko entrenamendu saioak oso egokiak dira, igoal jendeak bideak ez dituelako ezagutzen eta ez direlako ausartzen bakarrik joaten. Entrenatzera jendearekin joanda, ordea, errazago egiten da anima-
tzea, baita saioa bukatzea ere. Emakume korrikalariek gidatutako saioek motibatzeko ere balio dute, haiek beren esperientzia kontatzen dutelako. Gainera, oso gidari jatorrak izan dira".

Onintza Zeberio (Lezo, Gipuzkoa, 1974): "Emakumeentzako entrenamenduetan oso giro ona sortu da"

"Bigarren aldiz irtengo dut Domusa Teknik 40 MLK proban. Iazkoa mendian egiten nuen lehen lasterketa luzea izan zen niretzat; ni asfaltotik nator, eta iaz mendian ia batere ibili gabe egin nuen. Denbora polita egin nuen iaz, baina hurrengo astean energiarik gabe egon nintzen. Esperientzia polita eta gogorra izan zen, iaz eguraldiak ere ez zuen asko lagundu.

Aurten, proba egiteko gogoz nago; irteeran sentitzen den zirrara hori bizitzeko irrikaz. Gainera, orain gutxi lesio bat izan dut, eta irteteko moduan egongo nintzen zalantza nuen. Fisioterapeutarekin ibili naiz, eta errekuperazio oso ona izan dut; hark esan dit mendi lasterketan irteteko eta egurra emateko.

Emakumeei zuzendutako entrenamendu denetan parte hartu dut. Probaren ibilbidea bi zatitan egiteko azken entrenamenduan ez nuen parte hartu, min hartu nuelako. Baina, beno, neure onera etorri naiz, eta gustura nago irteteko moduan naizelako.

Emakumeei zuzenduta antolatu dituzten entrenamendu saioak oso-oso egokiak izan dira, oso giro ona sortu da. Gu normalean korrika ibiltzen gara eta ez dugu motibazio faltarik, baina saioetan ibili den jendea oso gustura sentitu da, eta lasterka jarraitzeko gogoarekin sumatu dut. Azkenean, askori kostatu egiten zaie bakarrik entrenatzea, eta taldean errazago ibiltzen dira; bultzada handia da era horretako entrenamenduak egitea".

Gema Segurola (Azpeitia, 1972): "Helmugako alfonbra urdina zapaltzeak izugarria izan behar du"

"Aurreneko aldiz parte hartuko dut Domusa Teknik 40 MLK lasterketan. Mendian asko ibiltzen naiz, baina neure kasa aritzen naiz, probetan-eta ia batere lehiatu gabe. Hasieran, ez nuen lasterketan parte hartzeko asmorik. Antolatzaileek animatu egin ninduten entrenamendu saio batera joateko, eta Oihana Kortazarrekin egin genuen irteerara joan nintzen; ongi moldatu nintzen. Dortsalaren zozketa egin zutenean, niri ez zitzaidan suertatu, eta pentsatu nuen hortxe amaituko zela lasterketaren nire bidea. Baina justu, dortsala jaso zuen korrikalarietako bat lesionatu egin zen, eta haren dortsala niri eskaini zidaten. Proba egiten saiatzea pentsatu nuen, eta guztira, hiru entrenamendu saiotara joan naiz. Emakumeek lasterketan parte har dezaten, egitasmoa bera ondo ikusten dut, baina iruditzen zait saioetan parte hartu ahal izateko aurrez prestatuta egon behar dela, bestela gogorrak direlako. Korrikalariek maila bat dute, eta ez da hutsetik hasteko zerbait. 

Asfaltoan zein mendian aritutakoa naiz, eta ongi moldatu naiz entrenamenduetan. Saio luze bat ere egin nuen, eta sentipen onarekin amaitu nuen. Iruditzen zait lasterketa egin dezakedala, baina egunean bertan gorputzak zer joera hartuko didan ez dakit. Dagoeneko oso urduri nago, eta lasai hartuko dut proba. Helmugako alfonbra urdina igarotzean sentitzen denak izugarria izan behar du".

Nerea Azpiazu (Azpeitia, 1976): "Emakume ugari jabetu dira halako lasterketa bat egiteko gai direla"

"Iaz ez nuen parte hartzerik izan, hilabete batzuk lehenago izan nuen lesio batengatik. Boluntario jardun nuen lanean, eta asko gozatu nuen, baita izugarrizko inbidia pasatu ere. Aurten argi nuen parte hartuko nuela. 

Emakumeei zuzendutako entrenamendu guztietan izan naiz. Mundialak izan dira; saioak gidatu dituzten korrikalariak ere txapela kentzeko modukoak izan dira. Pila bat disfrutatu dugu. Nik baditut taldean entrenatzeko kideak, baina neska askok esaten dute bakarrik mendira joaten ez direla ausartzen. Beraz, zentzu horretan, egitasmo egokia izan da, eta iruditu zaigu taldeak jarraipen bat izan beharko lukeela, asko animatzen direlako taldean korrika egitera. Gainera, emakume ugari jabetu dira halako lasterketa bat egiteko gai direla, eta pixkanaka, korrikalariak hobetzen joan dira. 

Egundoko gogoa dut lasterketarako, baina oso urduri nago. Ordea, ongi entrenatu dut, eta buruarekin jokatuz gero, badakit gai naizela proba egiteko. Lasai hartuko dut, proba luzea delako eta desnibel handia duelako".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide