Zapatuan hasiko da 31. Udaberriko Musikaldia

Andoni Elduaien 2023ko mai. 2a, 11:43

Kup taldeak irekiko du aurtengo musikaldia. (Kup taldea)

Maiatzeko lau larunbatetan, Santa Kutz komentuan izango dira Udaberriko Musikaldiaren barruko kontzertuak, 18:30ean hasita. Kup taldea izango da lehen protagonista, eta haren atzetik etorriko dira Carlos Menaren eta Manuel Minguillonen saioa, Josean Goikoetxearen zein Euskamerataren kontzertu bateratua eta Toti Martinez de Lezeak nahiz Gorka Hermosak elkarrekin eskainiko duten emanaldia.

Datorren larunbatean hasiko da 31. Udaberriko Musikaldia. Maiatzean, larunbatero-larunbatero, kultur emanaldiak izango dira Santa Kutz komentuan, 18:30ean hasita. Kup taldearen kontzertuak zabalduko du aurtengo egitaraua. Carlos Mena eta Manuel Minguillon izango dira bigarren zapatuko protagonistak, Josean Goikoetxea eta Euskamerata hirugarrenak, eta Toti Martinez de Lezea eta Gorka Hermosa laugarrenak.

Antolatzaileen arabera, "edizio berezia" da aurtengoa, "bi pertsonaia handi" oroitzeko baliatuko baitute aurtengo musikaldia: Jorge Oteiza (1908- 2003) eta Juan Antxieta (1462-1523). "Musika zikloak eskultorea eta musikaria ekarriko ditu gogora, haien heriotzen hogeigarren eta 500. urteurrenetan, hurrenez hurren", azaldu dute.

Kup taldearen kontzertuarekin hasiko da aurtengo musikaldia. 2003an ekin zion taldeak bere ibilbideari. Gabriel Baltesen zuzendaritzapean, taldeak "barrokotik klasizismorako bidea" proposatuko du, Johann Christoph Bachen obrekin. Taldeak Alize Mendizabal organista eta Alejandro Martinez biolontxelista izango ditu bidelagun.

Maiatzaren 13rko emanaldia Juan Antxietaren omenez izango da. Carlos Mena kontratenorra eta Manuel Minguillon bihuelista arituko dira orduan Santa Kutz komentuan. Maiatzaren 20ko kontzertuan, Joxan Goikoetxea eta Euskamerata izango dira protagonista Ez dok. Badok. Oteitzaren mailua izenburupean. Jorge Oteizaren irudia oroituko dute Aita Donostiaren, Joxan Goikoetxea beraren eta Bitoriano Gandiagaren zein Lurdes Iriondoren Tiriki Trauki Trauki bezalako abestiekin. Musikaldia maiatzaren 27an amaituko da. Toti Martinez de Lezea idazleak, Gorka Hermosa akordeoilariak eta Edurne Zabalo klarinetistak Sorginak eta sorginkeriak ikuskizuna aurkeztuko dute. Hain justu, idazleak errezitaldia egingo du orduan.

Hona hemen musikaldiaren programa.

Autobus zerbitzua, larunbatero

Ohi bezala, udalak doako autobus zerbitzua jarriko du herrigunetik komentura joan-etorria egiteko. Autobusa larunbatero 18:00etan aterako da Julio Urkixo etorbidearen 7an dagoen geralekutik –Eroski txikiaren ondotik–. Bidaia autobusean egiteko ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide