Hirugarren laurdenean ihes egin dio partidak Juaristi ISBri

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 1a, 10:38
Zaletu ugari elkartu zen Azpeitiko kiroldegiko harmailetan. (Mikel Otola)

San Pablo Burgosek 76-88 irabazi zion atzo arratsaldean Iraurgiri zalez bete zen Azpeitiko kiroldegian. Mailari eusteko borrokan dabiltzan beste talde gehienek ere galduta, lehiak bizirik dirau beheko postuetan.

Juaristi ISB behar-beharrezkoa zuen garaipenik gabe gelditu zen atzo Azpeitiko kiroldegian. San Pablo Burgosek 76-88 irabazi zion Iraurgi Saskibaloiaren gizonen talde nagusiari, Espainiako Urrezko LEB Ligaren 31. jardunaldiko neurketan.

Atsedenaldian zilegi zirudien garaipen garrantzitsuarekin amets egiteak, baina hirugarren laurdendean iritsi zen zaplastekoa Mikel Odriozolaren taldearentzat. Aurkari gogorra zuten Juaristi ISBkoek, sailkapenaren hirugarren postuagatik lehian dabilen taldea, baina partidari ondo ekin zioten etxekoek, harmailak bete zituzten zaleen bultzadarekin. Lehen bi laurdenetan 23-20 eta 21-17 gailenduta, 7 puntu goitik zen Iraurgi atsedenaldian (44-37). Aldageletatik kantxarako itzulera, ordea, latza izan zen Azpeiti-Azkoitikoentzat: San Pablo Burgosek 21 puntuko aldea atera zion Juaristi ISBri hirugarren laurdenean (11-32). 7 puntuko abantaila 14 puntuko atzerapen bihurtuta, eta azken laurdena bakarrik aurretik. Etxekoentzat izan zen azken laurden hori (21-19), baina Burgoskoek ez zioten aurreko laurdenean lortutako altxorrari ihes egiten utzi.

Hiru jardunaldi gelditzen dira liga bukatzeko, eta larri baina bizirik jarraitzen du Iraurgik. Atzoko neurketa hasi aurretik zegoen toki berean dago, sailkapenaren azken hirugarren koskan eta jaitsiera postuetan; baina inguru gertuenean dituen gainerako talde gehienek ere galdu egin dituzte beren partidak. Juaristi ISBren atzetik den Albacetek gaur A Coruñan zer egiten duen jakin zain, Ourense izan da beheko postuetan dabiltzanetatik azken jardunaldian irabazi eta arnasa hartu duen bakarra. Eta, hain zuzen ere, Ourense izango da Iraurgikoen aurkaria datorren ostiralean, 20:30ean, Azpeitian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide