Udaberri Idi Dema Sariaren lehen jardunaldia jokatu dute Gurean

Julene Frantzesena 2023ko mai. 1a, 09:44

Larunbatean jokatu zuten lehen jardunaldia lau idi parek, 200 bat lagunen aurrean. Ander Tubillaren eta Iñaki Urrutiaren (Zornotza anaiak) idi parea izan zen nagusi. Bihar, asteartea, izango da Udaberri Sariko bigarren eta azken jardunaldia, 22:00etan, Gurea pilotalekuan.

Udaberri Idi Dema Sariaren lehen jardunaldia jokatu zuten larunbatean, Gurea pilotalekuan. 22:00etan hasi ziten kintopekoak, eta 200 lagunek gogotik gozatu zuten saioaz. Lau idi pare aritu ziren lehian zapatuan: Zallako Zornotza anaienak, Laudioko Galder Bolañorenak, Azkoitiko Ixidro erretegiarenak eta Jatabeko Asador Iruñakoenak.

Ander Tubillaren eta Iñaki Urrutiaren (Zornotza anaiak) idi parea izan zen nagusi. Hain zuzen ere, 53 plaza eta hiru metro egin zituzten horiek. Atzetik sailkatu ziren Asier Alegriaren eta Iker Tubillaren (Asador Iruña) idiak, 50 plaza, zinta bat eta 3.22 metro eginda. Hirugarren, berriz, Iñaki Olidenen eta Galder Bolañoren (Galder Bolaño) idiak izan ziren, 33 plaza, zinta bat eta 3,08 metro eginda. Ander Tubilla eta Iñaki Urrutia (Ixidro erretegia) sailkatu ziren laugarren, 19 plaza, hiru zinta eta 2,16 metro eginda.

Udaberri Sariko bigarren eta azken jardunaldia bihar, asteartea, izango da, Gurea pilotalekuan. 22:00etan hasita, hiru idi pare ariko dira nor baino nor lehian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide