Haritz Garatek eta Beatriz Lalagunak irabazi dute Azkoitiko Duatloia

Julene Frantzesena 2023ko api. 30a, 14:06

Hamar kilometro korrika, 40 bizikletan eta bost korrika egin dituzte 157 parte hartzaileek gaur goizean. Gizonetan bigarren eta hirugarren egin dute, hurrenez hurren, Alejandro Astaburuagak eta Ander Segurolak. Emakumeetan, berriz, Besaide Astobizak eta Miren Josune Bikuñak osatu dute podiuma. Azkoitri taldeko kide hainbatek ere parte hartu dute talde horrek antolatutako distantzia motzeko duatloi proban.

Gaur goizean ere duatloia izan da protagonista nagusia Azkoitian. Izan ere, atzoko lasterketen ondotik, distantzia motzeko duatloia izan da 10:00etan hasita. Federatutako eta federatu gabeko 157 kirolarik parte hartu dute Azkoitri triatloi taldeak antolatutako proban, baita talde horretako hainbat kidek ere.

10:00etan plazatik korrika abiatu dira parte hartzaile guztiak, eta hamar kilometroko ibilbidea eginda, plazara itzuli dira bizikleta hartzera. Bizikletaren gainean 40 kilometro egin dituzte, Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo lurretan, eta bueltan, berriz ere plazara itzuli, bizikleta utzi eta korrika bost kilometro osatu dituzte kirolariek.

XX. edizioan, gizonetan, Haritz Garate lekeitiarra nagusitu da; Amandarri taldeko kideak ordubete, 57 minutu eta 38 segundo behar izan ditu eliz atarian kokatuta zegoen helmuga igarotzeko. Haren ostean, bigarren egin du talde bereko Alejandro Astaburuagak (02:00:06), eta hirugarren, berriz, Peñota Dental taldeko Ander Segurolak (02:00:22). Gainera, Segurolarentzat izan da Gipuzkoako txapeldun titulua ere. Bestalde, Azkoitri trialoi taldeko parte hartzaileen artean Aitor Sotil izan da helmugaratzen aurrena; bi ordu, bi minutu eta 43 segundo behar izan ditu hark lasterketa gauzatzeko –seigarrena izan da sailkapen orokorrean–.

Emakumeetan Peñota Dental taldeko Beatriz Lalaguna izan da nagusi, lasterketa bi ordu, 24 minutu eta 17 segundotan bukatuta. Bigarren egin du Besaide Astobizak (02:24:34), eta hirugarren izan da Sestao taldeko Miren Josune Bikuña (02:25:22). Halaber, distantzia estandarreko Gipuzkoako txapeldun izan da gaurkoan Bikuña. Helmugara iritsi den eskualdeko lehen emakumea Zumaiako triatloi taldeko Leire Baraibar (02:26:08) izan da –sailkapen orokorrean laugarrena–, eta aldiz, emakumeetan zazpigarren helmugaratu da Azkoitriko Maialen Azpiazu azpeitiarra (02:29:49).

 

federatuta dauden kirolarientzat Gipuzkoako Distantzia Motzeko Txapelketa ere izango da proba.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide