Patata tortilla lehiaketa eginda, festaz gozatzen jarraitzen dute Floreagako auzotarrek

Maialen Etxaniz 2023ko api. 30a, 13:38

VI. Patata Tortilla lehiaketa egin dute gaur goizean zehar Floreagako bizilagunek. Aurten, sei bikotek parte hartu dute sariketan. Giro paregabean egin dute txapelketa.

Festetan murgilduta jarraitzen dute Floreaga auzoko bizilagunek. Atzoko jaiari buelta emateko VI. Patata Tortilla lehiaketa egin dute gaur goizean zehar Floreagako tabernan, eta giro ederra sortu da. Aurten, sei bikotek parte hartu dute sariketan, eta adin guztietako bizilagunak animatu dira txapelketara. 11:00etan hasi dira sukaldeko lanetan, eta 12:00etarako prest zituzten tortillak. Orduan egin dute dastaketa epaimahaikideek. Haiek argi izan dute zein izan den patata tortillarik onena, eta Juli Arregik eta haren bilobak jantzi dute lehiaketaren irabazleen aurremantala. Arratsaldean jarraituko dute festarekin. 

Hona hemen gaurko eta biharko egitaraua: 

Apirilak 30, igandea:
  • 12:00etan, trikipoteoa Naiara eta Lanberrirekin.
  • 15:00etan, puzgarriak.
  • 18:00etan, buruhandiak.
  • 22:30ean, Gazte Gaua txosnan: DJ Kanutto.
Maiatzak 1, astelehena:
  • 11:00etan, Gurutzetxoko XXXIX. Krosa. Izen-ematea, 09:30-10:45 tabernan.
  • 14:00etan, paella eta oilasko jana, Etxeberritxok eta Ugaitzek animatuta, Floreagako tabernan. Erreserbak: 629 53 62 10. 
  • 15:00etan, puzgarriak eta apar festa.
  • 18:00etan, buruhandiak.
  • 20:00etan, festen amaiera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide