Joanes Txurrukak eta Amaia Aizpuruk irabazi dute Azkoitiko duatloi herrikoia

Julene Frantzesena 2023ko api. 29a, 18:27

16:00etan hasita, hiru proba jokatu dituzte 55 kirolarik Azkoitian: supersprint distantziako paraduatloia, duatloi herrikoia eta kadeteen proba. Paraduatloi proban Marea Urdinako kideek ere parte hartu dute. Gizonetan bigarren egin du Ander Puertas azkoitiarrak.

Haurren duatloiaren erreleboa helduek hartu dute arratsaldean. Hain zuzen ere, 16:00etan hasita, hiru proba jokatu dituzte 55 kirolarik Azkoitian. Lehenengo supersprint distantziako paraduatloiko parte hartzaileak atera dira plazatik, eta minutu gutxira, 16 urtetik gorako duatloi herrikoiko parte hartzaileak. Segidan, berriz, kadete mailako kirolariak. Horiek guztiek bi kilometro eta erdi korrika, hamar kilometro bizikletan eta kilometro eta laurden korrika gauzatu dituzte.

Paraduatloiko proban bost lagun aritu dira, baina horietako batzuek laguntzaileak izan dituzte. Izan ere, Marea Urdinako kideek modalitate berezian parte hartzeko abagunea izan dute. Lasterketa horretan aurrena Antxintxika taldeko Alfonso Gomez helmugaratu da. Duatloi herrikoian, berriz, aurrena gizonak abiatu dira, eta segidan, emakumeak. Gizonetan onena Joanes Txurruka izan da (34:00), bigarrena Ander Puertas azkoitiarra (36:45) eta hirugarrena, berriz, Xabier Aranzibia (38:17). Emakumeetan, aldiz, Amaia Aizpuru (45:31) nagusitu da, eta bigarren eta hirugarren egin dute Irantzu Davilak (49:58) eta Andrea Caramesek (51:05), hurrenez hurren. Bestalde, kadete mailako bost kirolarik ere neurtu dituzte indarrak gaurkoan, eta haien artean helmugaratzen aurrenak Lea La Blanca taldeko Xabier Molinuevo (37:14) eta Tolosaldeko Triatloi Taldeko Sara Larrinaga (50:56) izan dira.

Bihar jarraituko dute Azkoitri triatloi taldeak antolatu dituen duatloiari lotutako hitzorduek. 10:00etan hasita, distantzia motzeko duatloia jokatuko dute federatutako nahiz federatu gabeko kirolariek Azkoitian. Horiek hamar kilometro korrika, 40 kilometro bizikletan eta bost kilometro korrika egin beharko dituzte. Gainera, federatuta dauden kirolarientzat Gipuzkoako Distantzia Motzeko Txapelketa ere izango da proba.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide