Giro ederrean egin dituzte Floreagako festetako bolo txapelketak

Maialen Etxaniz 2023ko api. 29a, 15:39

Gaur goizean haurrentzako eta helduentzako bolo txapelketak izan dira Floreagako bolatokian, auzoko festen barruan. Haurrek eta helduek txapelketa bana jokatu dute, eta giro ederra sortu da txirloen bueltan. 

Floreagako bizilagunak auzoko festetaz gozatzen dabiltza atzotik. Gaur goizean auzoko bereizgarri den bolo txapelketa izan da Floreagako bolatokian. Bi txapelketa egin dituzte, aurrena umeena eta ondoren helduena. Haurren txapelketa 11:30ean hasi da, eta orotara hamabost umek parte hartu dute. Helduen sariketa, aldiz, 12:30ean hasi da. Lehenik emakumeen egin dituzte jaurtialdiak –guztira hamar emakumek eman dute izena–, eta ondoren gizonezkoen txanda izan da. Hamahiru gizonezko aritu dira lehian. Txapelketak izanagatik, giro jatorrean egin dituzte tiraldiak, eta umorez gozatu dute auzoan tradizio den kirolaz. 

Arratsaldean, 17:00etan hasita, eskoba txapelketa egingo dute tabernan. Bikote bakoitzak 20 euroan izango du izen-ematea, eta irabazleek trofeoa eta bildutako diruaren %40a jasoko du; bigarrenak, trofeoa eta bildutakoaren %30a; hirugarrenak, bi xanpain botila eta bildutakoaren %20a; eta laugarrenak bi xanpain botila eta bildutakoaren %10a. Gauean, berriz, afariak, erromeriak eta DJ saioak borobilduko du eguna.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide