Abian da VII. Pilotari Eguneko bi eta erdiko pilota txapelketa

Andoni Elduaien 2023ko api. 27a, 08:24

Kontzejupeko bi eta erdiko pilota txapelketarekin hasi dituzte aurten Pilotari Eguneko txapelketa herrikoiak. Aurrerago abiatuko dira emakumeen nahiz gizonen binakako txapelketak.

Atzo, asteazkena, abiatu zuten VII. Pilotari Egunerako antolatu duten Kontzejupeko bi eta erdiko pilota txapelketa herrikoia. Guztira, gizonen hiru partida ikusi ahal izan zituzten udaletxearen bueltan elkartu ziren herritarrek. Gaur, osteguna, eta bihar, ostirala, izango dute jarraipena bi eta erdiko txapelketaren kanporaketa aurreko partidek. 27 pilotarik parte hartuko dute gizonen bi eta erdiko txapelketan.

Pilotari Egunera bitartean, astero jokatuko dituzte partidak Kontzejupean, asteazkenetan, ostegunetan eta ostiraletan, normalean 18:30ean hasita. Ohi bezala, kanporaketa bidez eramango dute aurrera txapelketa, eta dagokion partida galtzen duen jokalaria txapelketatik kanpo geratuko da.

Ekainaren 10ean ospatuko da aurtengo Pilotari Eguna. Bi eta erdiko txapelketa hasita, Kontzejupeko binakako txapelketa herrikoia izango da abiatzen hurrena. Emakumeetan, 11 bikotek eman dute izena, eta gizonetan, 34 bikotek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide