Ainhoa Beristain: "Irudien bidez helarazi nahi dut kontzertuak transmititzen didana"

Ane Olaizola 2023ko mai. 6a, 09:30
Ainhoa Beristain, Matadeirako sarreran. (Ane Olaizola)

Azken urteetan, dozenaka kontzertu zapaldu ditu Ainhoa Beristainek (Azkoitia, 1987), baina ez publiko soil gisa. Izan ere, azkoitiarrak zuzenekoetan aurkitu du pasioz bizi duen afizioa; argazkilaritza praktikatzeko aukera. Matadeixen entzuten den musika irudietan iltzatu ohi du.

Lanbidez ikasleen orientatzailea da Ainhoa Beristain (Azkoitia, 1987). Duela zortzi ikasturte hasi zen lan horretan Lizarrako (Nafarroa) eskola batean, eta orduz geroztik, lurralde horretako beste hainbat ikastetxetan jardun du lanean: Olaztin, Altsasun, Iruñean... Hainbat urtez Azkoititik Nafarroara joan-etorrian ibili ostean, egun amatasun baimena hartuta dago azkoitiarra. Dena den, ez du alde batera utzi grinez bizi duen zaletasuna: argazkilaritza.

Nondik datorkizu argazkilaritzarekiko zaletasuna?

Ez dakit, baina betidanik izan dut gustuko argazkiak ateratzea. Duela urte batzuk, baliabide ekonomiko gutxi nituen ezer erosi ahal izateko, eta garai hartan, gurasoek oparitutako kamera konpaktu batekin ibiltzen nintzen hara eta hona. Poltsan sartuta eramaten nuen beti, eta edozer gauzari ateratzen nion argazkia. Duela hamar urte baino gehiago, espero gabeko diru sarrera bat izan nuen, eta argazki kamera erostea izan zen egin nuen aurreneko gauza. Bikotekideak eta biok Londresera joan ginen, eta hura izan zen balekoa zen kamera batekin igaro nuen aurreneko bidaia. Orduan hasi nintzen afizioa garatzen, baita kameraren erabileraz informatzen ere. Izan ere, kamera ez nuen modu automatikoan erabili nahi.

Zeure kasa ikasi al duzu?

Bai. Egun, informazio mordoa topa daiteke sarean: blogetan, Youtuben... Interneten ikastaro asko eskaintzen dituzte, eta pare bat egin ditut. Argazkilaritza oso mundu zabala da; argazkilaritza mota asko zein gai ugari jorra ditzakezu, eta teknikak ere ugariak dira. Beraz, nire gustuen eta interesen arabera joan naiz informazioa bilatzen. Askotan, sarean argazki bat ikusten badut eta gustatzen baldin bazait, halako zerbait nola egin dezakedan pentsatzen hasten naiz. Horri tiraka, han eta hemen begiratzen dut. Klik batzuk eginez informazio ugari lor daiteke, eta begia ere asko lantzen da beste argazkilarien lanak ikusita.

Pixkanaka, Matadeiko argazkilari bihurtu zara...

Jendeak jarri didan titulua da hori. Nik argazkiak ateratzen ditut, zaletasun hori dudalako, eta afizioa Matadeixen garatzeko aukera izan dut. Baina Matadeiko sukaldaria edo logelak prestatzen dituena ere izan naiteke. Hango edozein kide bezala, bestelako lanetan ere parte hartzen saiatzen naiz. Argazkilaritzarena plus bat da.

"Nire gustuen eta interesen arabera joan naiz informazioa sarean biltzen"

Nolatan hasi zinen Matadeiko kontzertuetan argazkiak ateratzen?

2013an hasi nintzen hango asanbladetara joaten. Garai hartan, ia astebururo izaten zen kontzertu edo ekitaldiren bat Mataidexen, eta hiru lagun astero joaten ginen horiek ikustera. Berdin zuen nork jotzen zuen; edozer zegoela ere, hara joaten ginen. Matadeiko jendearekin harremana egiten hasi nintzen, eta asanbladara joaten hasteko xaxatu ninduten. Aldi berean, argazkilaritzaren afizioa garatzen hasi nintzen: kamera erosi berria nuen, eta ideia handirik izan gabe, Matadeixen argazkiak ateratzen hasi nintzen. Kamerak berarekin zekarren oinarrizko objektiboa soilik neukan orduan; ez zen oso argitsua, eta Matadeixe leku iluna izanik, zerbait hobea behar nuen. Lagun batek utzi zidan objektiboa, eta harekin aritu nintzen argazkiak ateratzen kontzertu batzuetan. Argazkilaritza benetan gustatzen ari zitzaidala ikusi nuenean, ordea, inbertitzen hasi nintzen, eta objektibo berri bat erosi nuen. Izan ere, gustuko argazkiak ateratzeko herren nengoela jabetu nintzen. Gerora ere, pixkanaka, horretan inbertitzen jardun nuen.

Kontzertuetako irudiak hartzea duzu gustuko. Zerk egiten ditu berezi argazki horiek?

Musika taldeen emanaldietan argazkiak ateratzea ez da batere erraza izaten. Zuzenekoetan argazkilari aritzeak eragiten dituen zailtasunen eraginez, derrigor ikasi behar da kamera teknikoki erabiltzen. Izan ere, kontzertu bat une bizi bat da, momenturo aldatzen joaten dena. Zentzu horretan, azkarra izan behar duzu, nahi duzun argazkia atera ahal izateko. Interesatzen zaizunaren bila joan behar duzu, eta horretarako, kamera modu jakin batean jarri behar duzu, bestela, argazkiak ez baitu harrapatuko zuk nahi duzun mugimendua. Paisaiak ere asko gustatzen zaizkit, baina kontzertuetako irudiek bestelako bizitasun bat dute, eta niri hori gustatzen zait. Gainera, Matadeixek izugarrizko aukera eman dit horretan sakontzeko.

Toundra, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. (Ainhoa Beristain)

Zer egin behar da kontzertuetan argazki onak ateratzeko?

Argazki onak ateratzearena kontu subjektiboa da. Ordea, gustatzen zait irudien bidez zerbait transmititzea: kontzertuak transmititzen didana irudien bidez helarazi nahi izaten dut. Horretarako beharrezkoa da kamera ondo erabiltzen jakitea eta islatu nahi duzun hori egiteko gai izatea. Kontzertuetan gauza asko izan behar da kontuan: argia, esaterako, oso garrantzitsua da. Batzuetan, kontraargiaren bila aritu behar izaten da, eta besteetan, berriz, jakin egin behar duzu noiz jarriko den argia zure gustura. Horrez gain, kontzertua eskaintzen ari diren kideek keinu jakinen bat noiz egingo duen jakin behar izaten da, nahi duzun irudi hori hartu ahal izateko.

"Matadeixek izugarrizko aukera eman dit argazkilaritzan sakontzeko"

Nolako argazkiak dituzu gustukoen?

Zerbait transmititzen duten irudiak gustatzen zaizkit. Kontzertu bat ikusten ari zarenean, emozio bat jasotzen duzu, eta nik hori plasmatu nahi izaten dut argazkian.

Beste argazkilarien lanak jarraitzen al dituzu?

Sare sozialetan edozer gauza topa daiteke, eta inspiratzen nauten edo beren lana gustatzen zaidan argazkilari ugari jarraitzen ditut. Kontzertuen bueltan argazkilari asko ibiltzen gara; esaterako, Alberto Beloki argazkilari azpeitiarra jarraitzen dut. Begi Puntan izenpean aritzen den Mutrikuko argazkilaria ere asko gustatzen zait. Bestalde, kontzertuetako argazkilariez aparte, Jaione Dragdrømmerrek egiten dituen lanak ere ederrak dira; mugikorrarekin ateratzen ditu hark maiz argazkiak, eta izugarrizko begia du editatzerakoan. Naturari dagokionez, paisajismoan oinarritzen diren artista oso onak daude: Miguel Morenatti edo Max Rive, kasu.

Matadeixe nolakoa da argazkiak ateratzeko?

Zaila. Oso leku iluna da, baita txikia ere. Kamera, beraz, modu konkretu batean erabiltzen ikasi behar da. Beste leku batzuetara joan eta harritu egin izan naiz horietan argazkiak ateratzea errazagoa delako: Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, Bilboko Kafe Antzokian... Leku handi horietan, baliabide gehiago izanik, zeharo txundituta geratu izan naiz. Halere, Matadeixe oso eskola ona izan da, pila bat ikasi baitut han.

Izaki Gardenak, Matadeixen. (Ainhoa Beristain)

Gogoan duzun kontzertu berezirik edo kuttunik bai?

Hamar urteotan kontzertu berezi asko izan dira. Dena den, bizitzako fase berri batean nago egun, eta gertuen bizi izan dudan kontzertu kuttunena Anarirena izan da. Ama izan nintzenetik hiru hilabetera eman zuen hark kontzertua Matadeixen, eta hura izan zen ama izan ostean kontzertu batera joan nintzen aurreneko aldia. Asko gustatzen zaidan artista da Anari, eta non, eta Matadeixen izan zen, gainera, haren emanaldia. Amatasunaren burbuila hautsi ahal izan nuen han igaro nituen hiru orduetan, eta aurrez egiten nituen gauzak errepikatzeko aukera izan nuen; neure buruarekin konektatzeko balio izan zidan kontzertu hark.

"Fase berri batean nago, eta gertuen dudan kontzertu kuttunena Anarirena da"

Alboratuta al duzu argazkilaritza?

Azken hilabeteetan ez naiz joan kontzertuetara, baina jarraitzen dut argazkilaritzarekin; egun haur txikia da nire modeloa, harekin praktikatzen dut sormena. Sareetan ez ditut partekatzen umearen irudiak, baina senideak nazka-nazka eginda dauzkat txikiaren argazkiekin [barreak]. Halere, badut Matadeira bueltatzeko asmoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide