Zortzi talde onenen artean amaitu nahi du sasoia Anaitasunaren gizonen taldeak

Andoni Elduaien 2023ko api. 21a, 09:29

Anaitasunako jokalariak, korner jokaldi batean. (Anaitasuna)

Urteko azken partida jokatuko du bihar Anaitasunaren gizonen taldeak. Azkoitikoek bermatuta dute salbazioa, baina denboraldia "tropelaren lehen erdian" amaitu nahi du Xabi Artetxe entrenatzaileak, ligako zortzi onenen barruan.

Espainiako Hirugarren Mailan lehiatzen ari den Anaitasunaren gizonen lehen taldeak azken jardunaldiko partida jokatuko du bihar, 18:00etan. Azkoitikoek dagoeneko maila galduta duten San Ignacioren zelaian jokatuko dute norgehiagoka.

Anaitasuna futbol taldeak lasai hartuko du asteburua; izan ere, joan den asteburuan ziurtatu zuen salbazioa. Halere, San Ignacioren aurkako biharko partida irabazi nahi du Xabi Artetxe Anaitasunaren gizonen entrenatzaileak, eta denboraldia "tropelaren lehen erdian" amaitu, sailkapeneko zortzi onenen barruan.

Azkoitikoen entrenatzaileak azaldu du urtea osorik hartuta denboraldia ez dela "txarra" izan, baina ezta "ona edo biribila" ere. Gorritxoen helburu nagusia mailari eustea izan da, eta lortu dute. "Mailari matematikoki ligako azken bigarren neurketan eutsi badiogu ere, estutasun handirik igaro gabe lortu dugu helburua betetzea". Entrenatzailearen esanetan, taldeak ez zuen helburu garbirik jarri denboraldiaren hasieran. "Aurreko bi denboraldietan, taldeak ondo lehiatu izan du. Aurten, sasoia motza izan da hamasei talde ginelako, eta indartsu hasi eta horren arabera helburuak markatzen joatea nahi izan dugu", adierazi du.

Taldearen denboraldiaurrea "ez zen oso ona izan" entrenatzaile azkoitiarrarentzat, eta denboraldi hasieran ere "kostatu" egin zitzaien puntuak eskuratzen hastea. "Egoera horrek puntu beharra sortu zuen taldean. Etxean lortu ditugu puntuak, batik bat; etxetik kanpo asko kostatu zaigu", esan du hark.

Dena den, azkoitiarrak azaldu du lehen itzulia "ondo" bukatu zuela taldeak, 20 puntu batuta. "Denboraldiaren bigarren erdirako helburua izan da puntu kopuru hori hobetzea. Horretarako, bagenekien etxetik kanpo puntu gehiago bildu beharko genituela. Egin ditugu merezimenduak horretarako, baina ez dugu lortu". Kostatu egin zitzaion Anaitasunari bigarren itzulian hirunaka batzen hastea, baina bi garaipen jarraian lortuta, sailkapenaren erdian kokatu zen taldea, play-off postuekiko eta jaitsiera postuekiko puntu distantzia berdinera.

Artetxerentzat, baina, Deustoren aurkako partidak erabaki zuen taldearen joana. "Deustori irabazita, play-off postuetatik gertuago egongo ginela ikusten genuen, eta denboraldiaren amaieran lehia horretan ibiltzeko moduan izango ginela. Azken segundoan berdindu ziguten partida han". Artetxek azaldu du gero ere "partida onak" egin dituela taldeak, baina ez dutela lortu atzekoekiko zuloa irekitzea eta aurrekoekin bat egitea. "Helburu garbirik gabe iritsi gara denboraldiaren amaierara. Nagusiena, matematikoki salbazioa ahalik eta azkarren lortzea izan da".