300 lagunek eman dute izena Tta-kun areto futbol taldearen futbol txapelketan

Andoni Elduaien 2023ko api. 21a, 08:58

Iazko finala jokatu zuteneko irudietako bat. (Nerea Uranga)

Guztira, 229 gizonek eta 71 emakumek eman dute izena txapelketan parte hartu ahal izateko. Ekainaren 26an abiatuko dute lehia, eta hiru astez luzatuko da txapelketa. Final nagusia Beltzen Egunean jokatuko dute, uztailaren 15ean.

Tta-kun areto futbol taldeak itxi du dagoeneko II. Tta-kun AFE Zaleen Txapelketarako izen ematea. Uztailaren 15ean, larunbatez, ospatuko du aurtengo Beltzen Eguna. Hain justu, II. Tta-kun AFE Zaleen Txapelketaren finalarekin hasiko dituzte eguneko ospakizunak. Futbol txapelketa, berriz, Beltzen Eguna baino hiru aste lehenago hasiko dute. Hain zuzen, ekainaren 26an abiatuko dute.

Txapelketarako izen-emate kopurua bikoiztu egin da aurten; 300 lagunek eman dute izena 33 taldetan banatuta. Lau eta bost taldetako multzoak osatuko dituzte, eta bakoitzetik bi onenek egingo dute txapelketan aurrera. Guztira, 229 gizonek eta 71 emakumek eman dute izena txapelketan parte hartu ahal izateko.

Iaz, sei pertsonaz osatutako taldeek eman zezaketen izena, baina aurtengora kopuruan aldaketak egitea erabaki dute antolatzaileek. Hori horrela, taldeak zazpi edo zortzi lagunez osatzeko aukera eman du Tta-kun taldeak. Aldaketa hori eginda, ordea, taldeek ezingo dute jokalariak nahieran aldatzerik izango; talde bakoitzak izena emandako jokalariekin egin beharko dio aurre txapelketari. Aurtengo beste berrikuntzetako bat entrenatzaileena izango da, horretarako izena eman duten lagunek bere taldea zuzentzeko aukera izango baitute.

Gainerakoan, iazko txapelketaren antzerako arauak izango ditu aurtengo lehiak. Berrikuntzen artean, denbora eta kartak aipatu behar dira. Iaz, hamabost minutuko bi zati jokatu zituzten futbolariek, eta aurten, hogei minutuko bi jokatzea erabaki dute. Horrez gain, partidan zehar talde bakoitzak karta berezi bat jokoan jartzeko aukera izango du; "Kings League futbol txapelketatik hartutako ideia izan da hori", azaldu dute. Dena den, antolatzaileek adierazi dute "aurrerago" emango dituztela karten inguruko azalpenak.