Oteiza elkarteko pilotariek Berria Txapelketako kanporaketa jokatuko dituzte etzi, Gurean

Andoni Elduaien 2023ko api. 21a, 09:13

Iurretako Olabururen aurka jokatu zuteneko irudia. (Oteiza)

Txapelketaren final hamaseirenetako partidak jokatuko dituzte igandean, 17:00etan hasita. Kadete, gazte eta nagusien mailako partidak jokatuko dituzte Errioxako Najerino pilota elkarteko pilotarien aurka.

Etzi, igandea, XVII. Berria Txapelketaren final hamaseirenetako kanporaketa jokatuko dute Oteiza elkarteko kideek, Gurea pilotalekuan. 17:00etan hasiko da kanporaketa, eta pilotari azkoitiarrek Naiarako (Errioxa) Najerino elkarteko kideak izango dituzte aurrean. Iurretako (Bizkaia) Olaburu elkartearen aurka jokatu zuten azkoitiarrek aurre kanporaketa, eta kadeteen nahiz nagusien mailako partidak irabazita lortu zuten aurrera egitea.

Errioxarrak izango dituzte orain aurkari azkoitiarrek. Kadeteen, gazteen eta nagusien mailako hiru partida jokatuko dituzte Gurean. Kadeteen mailan, Arregik eta Galarzak osatuko dute azkoitiarren bikotea, eta aurrean izango dituzte La Calle eta Del Rey II.a. Gazteen mailan, Etxaniz eta Egaña arituko dira Oteiza elkartea ordezkatzen, eta horiek Lopez eta Oscar izango dituzte arerio. Nagusien mailan, berriz, Oteizak eta Azkoitiak jokatuko dute, eta Garcia-Garcia bikotea izango dute kontrario.

Pilotalekurako sarrera doakoa izango da, eta beraz, pilotazaleek herriko pilotariak ikusteko aukera izango dute, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren atarian.