Ikusmina piztu du Aranzadi elkarteko Javier Bucesen hitzaldiak

Andoni Elduaien 2023ko api. 19a, 08:44

Jendetza bildu zen atzo arratsaldean Elkargunean. (Andoni Elduaien)

1936an piztu zen gerran eta frankismoaren lehen garaian (1936-1959) giza eskubideen zapalketa Azkoitian zein izan zen ikertzen ari da Aranzadi zientzia elkartea. Javier Buces ikerlariak lanketa nola egiten ari diren azaldu zuen Elkargunean, baita elkartearen datu basean jasota dituzten azkoitiarren dokumentuak zenbat diren jakinarazi ere.

Atzo, asteartea, Aranzadi zientzia elkarteko Javier Buces ikerlariak Azkoitia 1936-1959: giza eskubideen zapalketa 36ko gerran eta frankismoaren lehen garaian hitzaldia eskaini zuen Elkarguneko Oteiza aretoan. Jendetza elkartu zen ikerlariaren azalpenak bertatik bertara jarraitzera. Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotziak aurkeztu zuen Buces. Azkoitiko egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermea eta memoria lortzeko bidean egiten diren ikerketa nola bideratu duten azaldu zuen ikerlariak. "Ikerketaren zabalkundea egitea da gure asmoa. Webgune edo liburu dibulgatzaileak egiten ditugu, eta hein batean, erreparatzen laguntzen dute horiek".

Bucesek, besteak beste, memoria historikoa egiteko Aranzadin lana nola egiten duten azaldu zuen. Egia bilatzeko, "ikerketa metodo zientifikoa aplikatu" behar dela nabarmendu zuen hark. Dena den, Aranzadi elkartea Azkoitian lanean hasi baino lehen ere herrian beste zenbait ikerketa egin direla esan zuen Bucesek, nahiz eta horiek ez jarraitu zientzia elkarteak segitzen duen bide-orria. "Azkoitian aurrez egin diren ikerketak informazio historikoa emateko egin dira, baina biktimen izen-abizenak jakitea falta da".

Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotzia eta Javier Buces Aranzadiko ikerlaria. (Udala)

Aranzadiko kideek, besteak beste, Udal Artxiboko, Udal Argazki Artxiboko, Erregistro Zibileko, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa eta artxibo militarreko dokumentuak astindu dituzte Azkoitian egiten ari diren lana osatzeko. Hala eta guztiz ere, Azkoitian garai hartan egon zen ospitale militarreko dokumentuetan eta Gurseko kontzentrazio-esparruko dokumentuetan ere aurkitu dituzte azkoitiarren fitxak. Gurseko (Frantzia) kasuan, hemezortzi azkoitiarren fitxak aurkitu dituztela jakinarazi zuen Bucesek. Hori horrela, zenbait datu eman zituen Bucesek. Aranzadiko datu basean 749 herritarren izen-abizenak dituzte jasota, horietatik 557 dira gizonak eta 192 emakumeak. Gutxienez, baieztatu ahal izan dute 125 Azkoitian jaiotakoak izan zirela, 568 Azkoitian bizitakoak eta 99 herrian jaiotakoak nahiz bizitakoak.

Herritarren dokumentazioari dagokionean, berriz, dozenaka artxibo dituzte bilduta. Espetxean, frontean edota fusilatuta hil diren hamazazpi herritarren izen-abizenak dituzte jasota, 26 desagerturenak, gerra kontseiluetako epaitegietako 38 dokumentu, 60 presoren espetxe fitxak eta 100 dira Erantzukizun Politikoen Auzitegiak epaitutakoak. Dena den, Bucesek nabarmendu zuen erbestera joandakoak ere asko izan zirela herrian, baina ez zuen horien datu zehatzik eman.

Ione Zuloaga, asteartean

Bestalde, datorren asteartean, hilak 25, Ione Zuloaga Aranzadi zientzia elkarteko ikerlari azkoitiarrak 'Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerra ostean' hitzaldia eskainiko du Elkarguneko Oteiza aretoan, 19:00etan. Urte horietan emakumeek jaso zuten errepresio mota zein zenbaterainokoa izan zen azalduko du ikerlari azkoitiarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide