Internetez eskura daitezke 'Piztu Herrixe!' erosketa bonuak

Ane Olaizola 2023ko api. 17a, 14:35

Bonuen salmenta, iaz, Kontzejupean.

Azkoitiko Udalak eta Herrixen elkarteak 666 erosketa bonu jarri dituzte salgai, eta horietatik 200 online erosi ahal izango dira; datorren astelehenean, berriz, aurrez aurre salduko dituzte, Kontzejupean.

Herrixen merkatari elkarteak eta Azkoitiko Udalak 666 erosketa bonu jarri dituzte salgai Piztu Herrixe! kanpainaren barruan, eta herritarrek atzotik dute Internetez eskuratzeko aukera; datorren astelehenean, berriz, aurrez aurre erosteko aukera izango da Kontzejupean, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara artean. Bonu guztietatik 200 online erosi ahal izango dira, eta gainontzeko 466ak aurrez aurre saltzeko gordeko dituzte.

Ohi bezala, bonua erosten dutenek %50eko deskontua izango dute. Izan ere, bonu bakoitzak 30 euro balioko du, eta haren balioa 60 eurokoa izango da; hau da, hamar euroko sei txartel jasoko dituzte herritarrek beste horrenbeste sektoretan trukatzeko. Maiatzaren 31ra arte izango da bonuak erabiltzeko aukera.

Bonuen sei txartelak koloreka banatuko dituzte, saltokiak bereizteko asmoz. "Bonuak txarteletan banatzearen arrazoia da udalaren laguntza establezimendu edo zerbitzu mota guztietara iristea, gastuak sektore edo saltoki mota bakar batean kontzentratzea saihestuz eta laguntza ahalik eta txikizkako negozio gehienetara iristea ahalbidetuz".

Kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan kartel bat agertuko da, bezeroak jakin dezan zein den bertan erabili daitekeen bonua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide