Memoria historikoa berreskuratzeko lanketaren barruan bi hitzaldi emango ditu Aranzadik

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 12a, 16:30
Azkoitia 1947an, Paco Marinek hartutako irudian. (Kutxateka)

Udalak iaz hasitako prozesua gizarteratzeko egitasmoaren barruan, 1936ko gerra garaian eta frankismoaren lehen urteetan Azkoitian gertatutako giza eskubideen urraketak izango ditu hizpide Javi Bucesek datorren asteartean. Hilaren 25ean, berriz, gerra garaiko zein osteko emakumeen aurkako errepresioaz ariko da Ione Zuloaga.

Azkoitian 1936ko gerran eta frankismoaren lehen bi hamarkadetan eskubide urraketak eta errepresioa pairatu zituzten "biktimak guztiak" identifikatzeko xedearekin, memoria historikoa berreskuratzeko lanketa hasi zuen 2022ko udan Azkoitiko Udalak, Aranzadi zientzia elkartearekin lankidetzan. Besteak beste, herritarren testigantzak eta bestelako ekarpenak jasotzeko oroimen bulegoa ireki zuten Azoka Plazan.

Egindako ikerketa lanaren harira eta prozesuaren emaitzak gizarteratzeko, bi hitzaldi emango dituzte Aranzadiko kideek datozen bi asteetan herrian. "Aranzadik hainbat artxibo ikertu ditu eta herritarren testigantzak jaso ditu Azkoitian eta azkoitiarrei gertaturikoa ezagutzeko, biktima guztiek dutelako egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea; baina horretarako ezinbestekoa da aurretik gertaturikoa jakitea eta egia bilatzea. Ikerketaren eta hitzaldien bidez, gertatutakoaren egia zabaldu nahi da memoria kolektiboan txertatzeko", azaldu du udalak hitzaldien berri ematerakoan.

Javi Bucesek emango du lehen hitzaldia. Datorren asteartean izango da, apirilaren 18an, eta Azkoitia 1936-1959. Giza eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta lehen frankismoko garaian izenburua du hitzaldiak. Hurrengo asteko asteartean, hilaren 25ean, Ione Zuloaga historialari azkoitiarraren txanda izango da; Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerra ostean gaia landuko du Zuloagak bere hitzaldian.

Bi hitzaldiak toki eta ordu berean izango dira, Elkargunean, 19:00etan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide