Esku pilotako Buruz Burukoa Azkoitira iritsiko da ostiralean

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 11a, 09:25
2022ko otsailean Gurean jokatutako pilota jaialdian hartutako irudia. (Andoni Elduaien)

Dariok eta Peio Etxeberriak neurtuko dituzte indarrak Gurea pilotalekuan, final laurdenetako ligaxkaren lehen jardunaldian; gaur aukeratuko dituzte pilotak. Altunak eta Bikuñak Artolaren eta Martijaren kontra jokatuko dute jaialdia osatuko duen binakako partidan.

Esku pilotako Buruz Buruko Txapelketa Nagusiaren final laurdenetako lehen jardunaldiko partida hartuko du ostiral honetan, apirilaren 14an, Azkoitiko Gurea pilotalekuak.

Final zortzirenak kanporaketa zuzenez erabaki ostean, ligaxka jokatuko dute final laurdenak ebazteko, launa pilotariko bi multzotan banatuta. Azkoitian, B multzoari dagokion lehen jardunaldiaren barruan neurtuko dituzte indarrak Dario errioxarrak eta Peio Etxeberria nafarrak. Bi aurrelariek aise gainditu dituzte final zortzirenak. Dariok herenegun lortu zuen ligaxkarako txartela, Ezcarayn (Errioxa, Espainia) Arangurenin 22-6 irabazita: Etxeberriak, berriz, 22-2 gainditu zuen Alberdi atzo Tolosan (Gipuzkoa).

Ostiraleko partidarako pilotak aukeratzeko hitzordua gaur bertan dute Dariok eta Etxeberriak Gurean, 14:00etan.

Ostiralean, 22:15ean hasiko da profesionalen pilota jaialdia Gurean. Buruz Buruko neurketaz gain, binakako partida bat ikusteko aukera izango dute frontoira joaten direnek (ETB1ek ere emango du jaialdia). Zehaztu berri dute nortzuk jokatu duten binakakoa: Altuna eta Bikuña Artolaren eta Martijaren kontra ariko dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide